GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amurriok Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko ikasle uholdea espero du

«Lozorrotik atera eta borrokatzeko unea» dela uste du Ikasle Abertzaleak erakundeak. Hala, aurtengo Ikasle Eguneko manifestazioan «Hezkuntza Sistema Nazionala» aldarrikatuko dute Amurrion.

p016_f02_148x092.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Euskal Herriko hezkuntzaren egoerak «txarrera egin duela-eta», ikasturte honen hasieran Ikasle Abertzaleek, kolektibo ezberdinekin bildu, eta «erasoaldiari aurre egiteko asmoz», lanketa abiatu zuen. Testuinguru horretan, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko manifestua sinatu zuten, lehenik eta behin, eta horixe izango da datorren larunbatean, aurtengo Ikasle Egunean, ikasleek aldarrikatuko dutena.

Urtero bezala, azaroa iristearekin batera, Ikasle Abertzaleek Ikasle Eguna antolatu dute larunbat honetarako. Amurrion ikasle uholdea izango dela aurreikusten dute eta, hortaz, makina bat ekitaldi antolatu dituzte. Beste askoren artean, 17.30ean, manifestazio nazionala abiatuko da Amurrioko herriko plazatik. Atzo, Ikasle Egunaren berri emateko egindako agerraldian, martxara gerturatzeko deia egin zuten. Sarreren eta autobusen gaineko informazioa www.ikasleabertzaleak.org atarian jarri dute.

Ikasleariaren hautua

Hezkuntzaren aurka eginiko erasoak «kasualitate hutsa» ez direla adierazi zuten agerraldian. «Egungo sistema patriarkal eta kapitalistak bere behar eta interesetara egokitzen du hezkuntza», azaldu zuten. Horretarako, nabarmendu zutenez, «ikasleria sumiso eta akritikoa hezteko ahalegina egiten dute. Curriculum arrotzez gain, kontrol soziala ere erabiltzen dute».

Egunerokotasun horren aurrean, aldiz, ikasleriak «argi erakutsi du, egun inposatu nahian dabiltzan ereduaren aurrean, zein den bere hautua, hezkuntza nazionala, alegia».

Manifestua sinatu duten gazte mugimenduko kideek eta Euskal Herriko hainbat eragile, kolektibo eta taldek argi dute hezkuntza «herriaren motorra» dela. Pertsona kritikoak sortuko dituen hezkuntza sistema beharrezko jotzen dute. «Euskalduna hizkuntzaz eta edukiz; hezkidetzan oinarrituko dena eta nazionala. Hau da, Hezkuntza Sistema Nazionala».

Erasoen aurrean -«trilinguismoa, kamerak, jai egun arrotzak, pedagogia atzerakoia edota Bologna prozesua»-, Ikasle Abertzaleak erakundeak argi du «lozorrotik atera eta borrokatzeko unea» dela gaur egungoa; administrazio ezberdinen inposaketei aurre egin eta ikasleen eskubideak defendatzeko unea. «Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko garaia da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo