Itziar Lete Zure lagunen izenean
Aitziberri, maitasunez
Zaila egiten zaigu zu agurtu gabe, hotzean, gutun honi hasiera ematea. Ez dakigulako nola azaldu orain daukagun sentimendu nahasketa hau. Inpotentzia, haserre eta tristuraren nahasketa, bai eta poz txiki bat ere. Poza, badakigulako ez zarela zure bila etorri ziren nazionalen eskuetan erori.
Aurpegia ezkutatzearekin besteen etxeetan indarrez sartzeko eskubidea dutela uste duten horiek herri guztia esnarazi zuten ostiral goizalde hartan. Goizeko ordu txikietan atea botatzearen danbatekoa entzun orduko beraietako baten hanka bizkarrean sentitu eta garrasiekin esnatzea da gaur egun gure herrian gertatzen diren milaka adibide gordinetako bat.
Txarrena da bihozgabe horiek ordu luzez etxea arakatu, eta ezer aurkitu gabe, pegatina batetik delitu bat asmatzen duten berberak direla.
Baina albiste txar hauek erakusten dute azkenaldian herri honetan zerbait ondo badoala. Estalitako aurpegi horien azpian lumarik gabe gelditzen ari diren oiloak ezkutatzen direla, euskal gizartearen beldur direnak, zu eta zu bezalako gazte ameslarien ausardiari beldurra diotenak. Herri honen pauso bakoitzeko lumak galtzen ari dira, eta ziur gaude iritsiko dela eguna, oilo horiek izango direla hemendik ihes egin beharko dutenak. Eta badakigu, Xibi, egun hori zurekin batera ospatuko dugula. Egun hori, eta baita gehiago ere, ez zarelako libratuko errege bezperako bingoaren arduratik, ezta parrandetako gure danborrada txikietan gidari izan eta txupitoak ordaintzetik ere.
Egun horiek iritsi bitartean, zu eta zure familiari gure babes beroena eta animo guztiak ematen saiatuko gara. Besarkada handi bat eta gogor eutsi, Xibi. «Ze in biou? hil artian bixi!».