Xanti Begiristain Madotz | Iruñea
Mugikortasun iraunkorra
Iruñeko Udalak duela urte batzuk, teorian behintzat, mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egin zuen, hainbat kolektibo eta talde inplikaturekin bilera asko egin ondoren. Ignacio Polo UPNko zinegotzi delegatuak, garai hartan bilerak moderatu eta gidatu zituen moduagatik, jende asko atera zen plan edota hitzarmen hartatik oso fidakaitz.
Bilera haietan argi eta garbi ikusi zen, mugikortasun iraunkorraren alde jokatu behar baldin bazen, zalantzarik gabe lehentasuna eman behar zitzaiela, hurrenez hurren, oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei; ibilgailu pribatua laugarren tokian gelditzen zen, hau da, azken lekuan, baina goraxeago esan dudan bezala, UPN eta CDN alderdietako gidariei ez zitzaien batere jarrera egokia ikusi, lehentasun horiek aurrera eramateko, alderantziz, argi eta garbi ikusten zen, azken batean, ibilgailu pribatuaren aldeko apustua egiten zutela, Iruñeko erdialdean lur azpiko hainbeste aparkaleku pribatu erraldoi eginda.
Gaur egun, oraindik bidegorri asko falta dira egiteko eta, batez ere, eta garrantzitsuena dena, egin direnak ez omen dira egin bizikletarien, alegia, erabiltzaileen irizpideen arabera. Garraio publikoarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, zenbait ordutan linea batzuk oso kolapsatuta ibiltzen dira, oraindik ez da dohainikakoa eta hiribus bideei dagokienez, uste dut, momentuz behinik behin, ez dagoela askorik eginda.
Horregatik guztiarengatik, Iruñeko Udalak, hiriko hainbat puntutan auto elektrikoentzat kargadoreak instalatzeko, Acciona enpresarekin sinatu duen hitzarmenari buruz, nik neronek dudan inpresioa eta iritzia txarra da. Badakit gero eta gehiago jokatu behar dugula auto elektrikoen alde; horretan ez dago zalantzarik. Baina Iruñeko Udaleko agintariek benetan egin nahi badute mugikortasun eta garraio iraunkorraren alde, zergatik ez dituzte bete lehendabizi garai batean adostutako baldintza guztiak, erabat? Eta, kargadoreak instalatzekotan ere, zergatik jo dute hain zuzen ere Acciona enpresaren alde, lehiaketa publikorik egin gabe, konparaziora?
Laburbilduz, nire ustez, UPNk berriz ere ez du benetako apusturik egin garraio iraunkor eta garbiaren alde, erabat behinik behin, ez.