Mikel Aramendi Kazetaria
Hurkoari lagundu baino, nahiago hil
Uste dut Sorensenek nahiago izan zezakeela Tea Party-koen eta ingurukoen arrakasta ez ikustea. Auzokoari hipoteka ordaintzen laguntzea baino matxinatzea nahiago duen jendaila
Honen ondoren datorrena ez ikustea hobe izango diagu» esan zuela egingo nuke. Beno, 82 urte edukitzeak ere zerikusia izan dezake bihotzekoaren segadan erortzeko orduan, bai...
Kontua da atzoko hauteskunde erabakigarrietarako 48 ordu falta zirenean eman zuela azken arnasa New Yorkeko Ospitale Presbiterianoan Theodore C. Sorensenek. Eta, bide batez, ezingo duela ikusi bere bizitza osoko Alderdi Demokratari -eta bere laguntza nahiko estuarekin Etxe Zurira iritsi zen Obama lehendakariari- hemendik aurrera aurkezten zaion panorama politiko iluna. Aurreikusten zuelakoan nago, hala ere.
Aspaldi esana zuen: «Apustu egingo nuke nire obituarioan `Ted Sorenson, Kennedyren speechwriter-a hil da' ipiniko dutela, neure izena eta izana betirako lardaskatuz». Igarpena ezaguna zutenek ahaleginak eta bi egin dituzte berria ematean izenburuetan bederen halako hanka-sartzerik ez egiteko. Sinonimoen zakuan eskua sartuz, batik bat: «kontseilaria» deitzen zioten «NYT»en. Ezjakitunak, noski, bete-betean erori dira lazoan. Ahal badu, saiatuko da Josafaten batzuen eta besteen zerrenda egiten. Halakoa zelako.
Esaten da Kennedyren aurkako hauteskundeak galdu zituenean, Nixonek bere ingurukoei bota ziela: «Ted Sorensenena bezalako adimen bat behar diagu gure ondoan, beti taka eta taka arituko zaiguna; dohain berezia dik hark: amerikarren psikean barreneraino sartzen diren esaldiak aurkitzen dizkik beti». Gizajoari ez zitzaion bururatzen alderantzizko arazoa: ea Ted Sorensen bezalako batek onartuko ote zuen Nixon bezalakoentzat lanean aritzea.
Kennedyren biografo eta exegeta, miresle nahiz arerioen amaigabeko eginkizuna izan da, harrez geroztiko 50 urte hauetan, bereizten saiatzea «ea zer izan zen bene-benetan JFKrena, eta zer Ted Sorensenena». Eta auzia benetan argi zezakeenak, Ted-ek berak alegia, argibide handirik eman gabe joatea nahiago izan duenez, luzaro jarrai dezake jolasak. Duela urte gutxi zen hizpide, oraindik, ea noraino zen benetan JFKrena «Profiles in Courage», 1957an Pulitzer saria irabazteko (eta bere itzal intelektuala biderkatzeko) balio izan zion liburua. Bere laguntza nabarmenaren maila apaltzeko esku hartu zuen Sorensenek teman, soilik. Halakoa zelako.
Inoiz ez zuen ukatu, haatik, JFKren esaldi ospetsuena («Etzazue galdegin ea zer egin dezakeen zuen herriak zeuen alde; galde egizue ea zer egin dezakezuen zuek zeuen herriaren alde»), Obamak duela bi urte eszenatoki berberean berrerabili zuena, berea (Sorensenena, alegia) zenik. Ia inork ez du hori ukatzen. 1961eko San Sebastian eguneko hitzaldi ospetsu hura, ia oso-osorik, hitz batzuk gorabehera, berak idatzia zelako. Eta, seguruenera, egun hartan (edo lehentxeagoko «Frontera Berria» hitzaldian) esan zirenek gehiago islatzen zutelako Ted Sorensenen ikuspegi politikoa Jack Kennedyrena baino.
Horrexegatik uste dut nahiago izan zezakeela Tea Party-koen eta ingurukoen arrakasta ez ikustea. Auzokoari hipoteka ordaintzen laguntzea baino matxinatzea nahiago duen jendaila. Lekutan daude beren herriaren alde zer egin dezaketen galdezka hasteko.