Uberka Bravo Askapeneko kideari fidantzapeko askatasuna ezarri diote
Irundarra pasa den ostiralean entregatu zuen Parisek, bere aurkako euroagindua behin onartuta. Atzo eraman zuten Auzitegi Nazional espainolera, eta 50.000 euroko fidantza ezarri diote bertan.
O. L | MADRIL
Askapenaren kontrako polizia operazioaren harira atxilotutako Uberka Bravo gazte irundarra aske geratuko da datozen orduetan, bere senideek ordaindu ahala epaileak ezarri dion fidantza. Edonola ere, Bravo egunero bertaratu beharko da epaitegira sinatzera.
Polizia frantsesak joan den ostiralean bigarrenez atxilotu ondoren, polizia espainolaren esku utzi eta Madrilera eraman zuten Uberka Bravo gaztea. Ostiralean bertan, Auzitegi Nazional espainoleko guardiako epaileak Soto del Real espetxera bidali zuen eta bertan pasa du atzo bitarteko denbora.
Atzo berriro ere auzitegi berezira eraman zuten irundar gaztea, eta bertan, Pablo Ruz epaileak erabaki zuen 50.000 euroko fidantza ezartzea, espetxeratzea saihesteko.
Haren abokatuak GARAri azaldutakoaren arabera, irailaren 30etik Poliziak Bravo bilatu eta atxilotzeko agindua zuen arren, gazteak auzitegi berezian agertzeko prestutasuna agertu zuen, eta horretarako hitzordua eskatu. Zain zegoela, Hendaian atxilotua izan zen, ordea, eta Seysses-eko espetxean kartzelatua.
Paueko epaitegiak bere aurkako euroagindua onartu arren, aske utzi zuen joan den asteartean eta ostirala bitarte hala egon zen.
Askapena ETArekin lotuta egin zituen atxiloketak Polizia espainolak irailaren 27an, Ruz epaileak aginduta. Askapeneko bost kide espetxean daude harrezkero: Walter Wendelin, Gabi Basañez, Haritz Ganboa, David Soto eta Unai Vazquez. Beste bi atxilotuak, Ruben Sanchez eta Itsaso Lekuona, bermea ordainduta utzi zituzten aske.
Iluntzean batzar informatiboa egin zuten haren bizilagunek Irungo Mosku plazan. Era berean, hainbat eragilek adostutako testua egin dute herrian Bravoren askatasuna galdegiteko.