«Obedientziaren arriskuen» ikerketa garatuko du BAD-en Itziar Barriok
New Yorken lan egiten duen bilbotar artistaren egitasmoa ikerketa eszeniko bat da, atzo hasi eta datorren ostiralera arte eta lau antzezleren bidez, egunero Zorrozaurreko Zwap pabiloian garatuko dena. Ekimenaren asmoa eszena bakar bat sortzea da, gero editatzeko. Hau da, lau eguneko tailer eszenikoa garatuko dute aurrena, eta ondoren osatuko dute gidoi edo errelatoa. «Obedientziaren arriskuak» deitzen den antzezpena «screaming» bidez jarraitu ahal izango da.
Anartz BILBAO | BILBO
Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiak aurten jorratuko duen ekimen berritzaileenetakoa garatuko du, bere erdialdera heldu den honetan.
«Obedientziaren arriskuak» Itziar Barrio (Bilbo, 1976) artistaren ikerketa eszeniko bat dugu, muinean «eszena bat eraikitzeko prozesua irudikatzen duena» denbora errealean eta zuzenean. Aipatu eszena lau antzezlek sortuko dute Juanjo Oteroren gidaritzapean, atzo hasi eta datorren ostirala bitarte, egunero zortzi ordu lan eginda, Zorrozaurre Art Working Process pabiloian.
Behin eszena sortuta, Itziar Barriok ikus-entzunezko batean editatuko du hiru kameraren bidez grabatuko duen prozesu guztia, eta antzeztutakoari gidoia sortu dio, antzezpena jazo eta gero. Ikerketan interesa duten ikus-entzuleek ere eszenaren garapenean parte hartu ahal izango dute, «voyeur» gisa -Juanjo Oterok esan zuenez-. Batetik Internet baliatuta edozein momentutan BAD jaialdiaren atarian, www.badbilbao.com; eta bestetik, Fnac saltokian zein Melia hotelean eta Rekalde aretoan jarriko diren pantailatan. Gainera, Zwap pabiloira bertaratu nahi duenak izango du horretarako aukera ere, gaur eta etzi 19.00etan -BADtrenak eramango ditu ikusleak, 18.15ean Botika Zaharreko biribilgunetik abiatuta-.
Ekimenaren jatorrizko ideia berau zuzenduko duen Itziar Barriorena da. Bilbon jaioa, New York hirian bizi den artistak esparru ezberdinetan egiten du lan, marrazki, bideo eta abarrekin, eta nazioarteko lantaldeetan parte hartu ohi du. Berarekin batera, eta antzezleen arduradun gisa, Juanjo Oterok egingo du lan «Obedientziaren arriskuak» deitu duten ikerketan.
Eszena sortzen, Izazkun Fernandez, Maitane Muruaga, Gabriel Reig eta Urtza Zuazo antzezleak izango dira, eta Juanjo Otero eszena zuzendariak atzo argitu zuenez, «talde dinamikan, Strasberg metodoa da erabiliko dugun oinarri teorikoa». Modu horretan, «elkarrizketan, zinemako eta antzerkiko hizkuntzan oinarrituta sorkuntza garatuko dute, izaera esperimental eta prozesual nabarmena duena».
New Yorkera
Gatazka baten aurrean, «antzezle batek heroi papera eta beste batek zitalarena jokatuko du -batek baieztatzen eta besteak ukatzen duen heinean-, betiere aktoreak berez duten izatearen arabera egindako hautaketan. Hirugarren bat soldadua dugu, heroiaren aldeko jarrera hartuko duena, eta laugarrena marinela, nora egin ez dakiena. Lauren artean konpondu beharko dute konpondu beharrekoa», egin digu Oterok aurreikusi dituzten rolen azalpena. Eszenaratu aurretik, beraz, ez dute lanketarik egingo, eta a priori gidoirik ez dagoenez a posteriori sortuko du Barriok, antzezpenak ematen duena grabatu eta gero. Ikus-entzunezko bat izango du emaitza ikerketak, hiri bakoitzean ezberdina izango denak -antzezleak ezberdinak izango direnez-. Modu honetan euskarriz aldatuko du artistak.
Egitasmoa BAD jaialdiak ekoitzi du eta erabateko estreinaldia izango du Bilbon. Gero, New York eta Madril hirietara eramango dute.
«Obedientziaren arriskuak» ikerketarekin batera, beste jarduera batzuk ere hartuko ditu egunotan BAD jaialdiak. Gaur eta bihar, esaterako, Fred Bendonguek «Instant» ikuskizuna dantzatuko du La Fundicion aretoan 20.00etan -estreinaldia Estatuan-. Eta Hika ateneoan, Eszenarekin Hitzorduak deiturikoetan, Helena Golab, Isabel De Naveran eta Oscar Grijalba izango dira gaur 16.30ean.
Strasberg metodoa erabilita sortuko duten eszenan lau antzezlek parte hartuko dute. Bata heroia izango da eta bestea zitala. Lehenaren alde joko duen soldadua da hirugarrena, eta galdu samar dabilen marinela laugarrena. Denen artean konpondu beharko dute gatazka.