Aizkora Bizkaiko finala
Atutxatarrek herrialdean nagusi direla erakutsi dute
Aitak eta semeak, elkarrekin bat eginda, txapelak pilatzen jarraitzen dute.
Jon LEUN DA
Atutxatarrek ez zuten hutsik egin. Beraiek irabazi zuten larunbat gauean Algortan jokatu zen Bizkaiko Binakako Aizkolarien Txapelketako finala. Aita-semeek osatutako bikotea herrialdean nagusi da azken urte hauetan, baita banaka ere, Atutxa gaztea baita txapelduna.
Larunbateko finalean, bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen, eta lan guztiak burutzeko, 16 minutu behar izan zituzten. 57 segundora sailkatu ziren Mendieta eta Txikon, eta bi minutu eta 14 segundora, berriz, Larrea eta Aldape. Horiek bete zuten podiuma. Laugarren, Zelai eta Bihurri sailkatu ziren, lau minutu eta 48 segundora; bosgarren, Garita eta Garcia, 9 minutu eta 26 segundora; eta azken lekuan, berriz, Larrabe eta Oregi geratu ziren, 12 minutu eta 21 segundora.
Horrez gain, Bizkaiko trontzalarien finalak ere jokatu ziren. Mutiletan, biko bakoitzak 10 epai eman behar izan zizkion 60 ontzako etzandako enborrari; bost epai, etzandako kana-erdiko bati; eta beste bost, zutikako kana-erdiko bati.
Intxaurbe anaiak izan ziren txapeldun. Lan guztiak burutzeko 10 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten. Minutu bat eta 51 segundora sailkatu ziren Arana anaiak, eta bi minutu eta sei segundora, Pujana-Ardeo. Laugarren, Arana- Loiola sailkatu ziren, bi minutu eta 47 segundora, eta azken, Amade-Arozena, bost minutu eta sei segundora. Emakumezkoek, berriz, 10 epai eman behar izan zizkioten etzandako kana-erdiko bati, eta Larrañaga-Bayer izan ziren nagusi. 4 minutu eta 42 izan zen beraien denbora eta minutu bat eta 14 segundo kendu zizkieten Astondoa-Garaizarri. Bi bikote lehiatu ziren.
Bestalde, Urdax Magunazelaiak marka pertsonal berria ezarri zuen Algortan, 13 urterekin 147 kiloko harri errektangularrari bi jasoaldi eman ostean. Lehenengoa 16 segundotan eman zion, eta bigarrena, berriz, 2 minutu eta 12 segundotan. Bizkaitarrak berriro ere bertaratutakoak txundituta utzi zituen.
Sokatira
Amaiurrek irabazi zuen Nafarroako Txapelketako lehen saioa. Onenak izan ziren 630 kilotan, eta atzetik sailkatu ziren Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrea. Bigarren jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Gorritin.