GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Justizia ala askatasuna?

Posibletzat aurkezten zaigun askatasun bakarra norbanakoei dagokie: alde batetik, merkatuen askatasuna -norbanako gutxi batzuen askatasun ekonomikorako- eta, bestetik, askatasun indibiduala. Azken hau lehenegoaren isla traketsa baino ez da

Mitoen funtzioa mundua azaltzea izan da mundua mundu denetik. Jendartearen bizimodua eta harremanak zuzentzen dituzten balioak azalarazten dituzte galdera existentzialei erantzuna emateko. Etengabean sortzen ditugu mitoak, grekolatindarretatik haratago doan ikuskera zabalago batez hartuta. Mitoak denboraz eta espazioaz zabaltzen dira, kultura zabalak harturik, esaterako, guri dagokigunez, momentu batean kultura grekolatindarra zena eta orain kultura okzidentala dei genezakeena. Mitoak eta horiek islatzen dituzten balioak aldatuz doaz.

Horrelako aldaketa bat egiaztatu ahal izan nuen lehengo egunean film batean. Agian, eman lezake pelikulek ez daukatela entitate nahikorik horrelako diskisizio filosofikoetan sartzeko, baina bai zinea bai telebista gaurko egunean masa kulturaren zutabe sendoenak dira. Robin Hood-en kondaira jorratzen duen azken filma da hau eta, istorioa gorabehera, bertan egiten den balio trukaketa argia da aipagarriena.

«Justizia» kontzeptua gorpuzten duen pertsonaia tiporik badago, hori basoetako lapurra da. «Herri justizia» irudikatzen du, aberatsei ostu eta ondasunak pobreen artean banatzen dituen heinean (dagokiena bueltatzen die, alegia). Ez da kointzidentzia Robin Hood justizia arautuaren kontra aritzea eta, hortaz, justizia arautuak jazarria izatea.

Halere, azken bertsio honetan, izaera guztiz trukaturik, «askatasun» termino lauso eta edukin gabekoa defendatzera pasatu da mitoa. Pelikulak gure sasoiaren balio trukaketa orokorra adierazi besterik ez digu egiten. Izan ere, «askatasun» ideiak «justizia» ideia ordezkatu du guztiz. Mundu okzidentalean diskurtso politiko, ekonomiko eta sozial orokorretik «justizia» kontzeptua desagertu da, epaileek aplikatzen duten «justizia» arautua salbu, hau da, «ongia» eta «gaizkia» bereizten dituen dikotomia moral edo sozialetik momentuko interesek moldatzen duten arau eta lege sortara pasatu da. «Askatasun» kontzeptuak bete du espazio hori, baina ongiaren eta gaizkiaren arteko dikotomia moral eta sozial konpartitua zena (herri justizia) orain indibidualizazioaren ikuspegitik jorratzen da.

Erreferentzia taldeak, klaseak, kasu, forma zehatzik gabeko orokortasunean urtzen ari diren une honetan, posibletzat aurkezten zaigun askatasun bakarra norbanakoei dagokie: batetik, merkatuen askatasuna -norbanako gutxi batzuen askatasun ekonomikorako- eta, bestetik, askatasun indibiduala. Azken hau lehenengoaren isla traketsa baino ez da. Aberatsek beti jokatu dute indibiduo gisa; klaseetan batzea eta klase-askapen gatazka besteon tresna da -kopuruaren botereaz jokatuta- komunitate osoaren interesen mesedetan. Klase bateko izateak izaera markatzen du; mundu indibidualizatuan edukitzeak markatzen du indibiduoa. Indibidualizazio prozesu honetan plazaratzen den «askatasuna» norberak errealizatzeko dituen aukeretara murrizten da.

Indibidualizaziotik ez dago errealizatzeko aukerarik, norberaren esku uzten baitira erabaki beharreko interesak, jarraitu beharrezko bidea, ipini beharreko bitartekoak eta balizko porrotaren erantzukizuna. Zer askatasun mota jarraitu ahal da identitatea helburu zehatzik gabeko zeregina bihurtuz gero?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo