GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Agurne Barruso eta Marian Beitialarrangoitia Bergarako eta Hernaniko alkateak, hurrenez hurrren

Herrion eta herritarron Gipuzkoa

Indarrak batuta, Gipuzkoari eskaintza politiko eta sozial abertzalea, justua, solidarioa, iraunkorra, jasangarria eta euskalduna egiteko aukera daukagu

Herrion eta herritarron Gipuzkoa eraikitzeko aldaketa politiko eta soziala eman behar dugu herrialdean. Azken 30 urte hauek erakutsi digute EAJk ez duela Gipuzkoa hori eraiki nahi. Haren apustua zementuaren eta kapitalaren Gipuzkoa da. Hor ditugu, besteak beste, errepide-politika, Pasaiako Portua, Abiadura Handiko Trena, Errauskailua, Gipuzkoa Aurrera eta esandakoa baieztatzen duten beste hainbat proiektu. Herri askotan, bai eta Foru Aldundian ere, bizi izan dugu zein den EAJren kudeaketa-eredua. Egungo marko politikoa iraunarazi eta jendarte-eredu neoliberala indartzeko diseinatutako politika da EAJrena.

EAJk apartheida aplikatzen du. Alderdien Legearen aurka dagoela esaten badu ere, zenbat herri gobernatzen ditu apartheida aplikatuz? Zer esanik ez Batzar Nagusietan eta Foru Aldundian. 72.000 gipuzkoarri bizkar emanda eratu zuen bere Gobernua horri esker lortu baitzuen.

Hori gutxi balitz, herrien borondateari muzin eginez gobernatzen du. Guk biok ordezkatzen ditugun udalek jasan dituzte Foru Aldundiaren mespretxua eta ukazioa; Hiri Hondakinen Kudeaketaren kasuan, Hernanik, eta Errege Mintegiaren erabileraren erabileraren gaiarekin, Bergarak. Nola garatu kudeaketa eredu berria Foru Aldunditik errezeta zaharrekin? Marketin kanpainez haratago, Foru Aldundiak herriak aintzat hartu, errespetatu eta lagundu egin behar ditu, eta ez, orain artean bezala, mespretxatu eta oztopatu.

Herrialde eredua aldatu beharra dugu, eta alor horretan oinarri-oinarrizkoa da herrialdean demokrazia irabaztea. Oinarrizkoa da gipuzkoarron borondatea errespetatzea. Gipuzkoar moduan dugun borondatea, baita herri moduan adierazitakoa ere.

Ezkerreko ikuspegi abertzale batetik, Gipuzkoan zeregin handia dugu. Gipuzkoa, oro har, abertzalea eta ezkertiarra da. Gipuzkoan aukera errealak ditugu ezkerreko politika abertzalea garatzeko eta herrialdean ditugun tresna politiko eta instituzionalak aldaketarako prozesu honen mesedetan jarri behar ditugu.

Herrialde abertzale eta ezkertiarra egiteko egun indarrean dauden politikak irauli behar ditugu. Herrialdeko beharretatik abiatuta, egun ditugun erronkei modu eraginkorrean erantzungo dien eta justizia sozialean oinarrituko den jendarte politika egin behar dugu; Gipuzkoa euskalduna erdiesteko politikak garatu behar ditugu; azpiegitura erraldoietan oinarrituko ez den kultura-politika bideratu behar dugu; ingurumena babestuko duen eta behar errealei -eta ez zenbaiten interes ekonomikoei- erantzungo dien azpiegitura politika behar dugu; udalerrien kontrako presio dinamika gainditu eta udalerrien arteko eztabaida sakon bat bultzatu behar dugu natur baliabideen eta garapenaren arteko orekan herrialde iraunkorra bilakatzeko.

Esandako guztia egin ahal izateko aukera errealak ditugu Gipuzkoan. Aukera errealak ditugu, baldin eta ezkerrekook eta independentistok geure indarrak batzen baditugu eta egun izan dezakegun dispertsioa gainditzen badugu.

Indarrak batuta, Gipuzkoari eskaintza politiko eta sozial abertzalea, justua, solidarioa, iraunkorra, jasangarria eta euskalduna egiteko aukera daukagu eta ezin dugu aukera hori galtzen utzi.

Aukera errealak izateaz gain, nahi dugulako, indarra, gogoa eta gaitasuna dugulako, batu ditzagun ezkerreko indar independentistak eta egin dezagun herrion eta herritarron Gipuzkoa. Gipuzkoak behar eta merezi duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo