«Miragarriak», kapela eta lumaz jantzita, modari so bizi diren emakume adoretsuak
Isabel Mancebo marrazkilari nafarrak Erdi Aroko jantziak gaurkotu ditu «Miragarriak» erakusketan. Horretarako, Colette, Gola, Bela eta Priscilla sortu ditu, glamourrak jota bizi diren emakume xarmangarriak.O. LARRETXEA | DONOSTIA
Moda aldizkarietan arakatu, arropa eta osagarri ikusgarrienak topatu, eta moztu egiten ditu Isabel Mancebo (Iruñea, 1970) marrazkilariak. Horren ondoren, bere imaginarioan bizi diren emakumeak arkatzez marraztu eta aldizkari orrietatik «lapurtutako» zatiak itsasten dizkie. Collage eta irudien arteko konbinazioa da nafarraren lana. Bere azken bilduma Donostian aurkeztu zuen atzo, Beldurrezko eta Fantasiazko XXI. Astearen baitako VII. Komiki Jardunaldietan. «Miragarriak» izeneko erakusketan bildu ditu nortasun, jarrera, izaera eta gustu guztietara egokitzen diren emakumeak.
Marrazkietako arropek, ukitu modernoaz, Erdi Aroko jantziei keinu egiten diete: «Ikuspuntu eroa, ganberroa, umoretsua eman nahi nuen», adierazi zuen autoreak. «Aldi berean, irudiek zinemari omenaldia egiten diote, baina batez ere modari, arropaz aldatze hutsarekin zoriontsuago edo tristeago sentitzen den pertsonak erakusten duen modari». Zentzu honetan, pertsonaia guztiak «estereotipoak» direla gehitu zuen.
Irudiak testuez lagunduta agertzen dira; horiek idaztea, ordea, lanaren bigarren fasea izan zen, emakumeen itxuratik jaio baitziren istorioak. Istorioek emakumeen izena daramate: Chantal, Ariel, Mireille eta Isadore dira protagonistetako batzuk. Sexuz aldatu duenik ere bada bilduman; Federic@-ren kasua da hori. «Gau batean, zoraldiak jota, rau! Behealdeko gorputz-adarrak erauzi zizkion, belaun aldetik, eta horiek gabe dabil orain. Harrezkero, ez du berriro begirik itxi, ezta hankak ireki ere», dio alboko testuak. Beldurrezko Astea bukatu ondoren ere, erakusketa zabalik izango da abenduaren 5era arte, Principe zinemetan.