GARA > Idatzia > Kultura

Dale ke Aun Respira taldeak «Unas pokas monedas» eskaintza dakar, bere lehen lan luzea

Bilboko Gatazka Gune irekian eta MusikHerria kolektiboaren eskutik, Uribe Kostako DAR taldeak «Unas pocas monedas» diskoa aurkeztu du. Larunbat honetan Algortako Txorimalo gaztetxean zuzenean joko dute.

A. BILBAO | BILBO

Dale ke Aun Respira taldearen laburdura da DAR, Euskal Herriko gaztetxe askotan ezagun egin dituen izena. Maketa baten ostean, lehen lan luzea aurkeztu berri dute MusikHerriarekin, non eta Bilboko Gatazka Gunean, kolektiboaren esanetan, «musika eta kultur mundua negozio zikin bat baino gehiago dela pentsatzen dugunak bagarelako».

Seikote bizkaitarra orain bizpahiru urte sortu zuten, Patada en la Papada eta Oi! Kobrasen uztarketatik sortua. Eta lau kantuko maketa baten aurrekariarekin, lehen lan luzea eman dute orain, «Unas pokas monedas» (aipatu maketako kantuak erantsi dizkiote lanari, opari gisa). Beraz, zortzi kantu berri eta aspaldiko laurak dakartza lan berriak, hitzetan euskara zein gaztelania erabilita. Eta gainera, bideoklip bat egitera ere ausartu dira, musikarekin nahikoa ez balitz ere.

Lana burutzeko orduan Reincidentes taldeko Fernando eta Penadas por la Ley taldeko Naty izan dituzte lagun ahotsetan, eta Valentziako Obrint Pas taldeko Albertoren tronpeta zein Marcosen tronboia ska doinuak emateko. Izan ere, guk lanean gurean betikoturik diren punk doinuak aurkitu ditugun arren, taldekideen esanetan, «lan honetan badago ska, hardcore eta besterik ere». Eta hitzetan, «errealitate ekonomikoa, Euskal Herriko gatazka politikoa, emakumeek pairatzen duten indarkeria eta ekologia» dituzte hizpide.

Azalari dagokionez, «Unas pokas monedas» lanak bideoklipeko argazki bat hautatu dute, eskale baten esku odolduetan txanpon batzuk ageri dituena -80ko azalen tankera hartu diogu-, «dirua, aberastasunaz gain, odola ere badela erakutsi nahi genuen-eta»

Antzerkia

DAR taldeak zuzenekoan du berezitasuna. Izan ere, taldekideek adierazi digutenez, «saiatzen gara kontzertuetan, sarrera gisa, antzerkitxoak prestatu eta giroa pizten».

Egun, prest da edozein oholtza zapaltzeko, baina eroso sentitzen da gaztetxeetako hurbiltasunean -«jotzeko aukera eman ziguten lehen tokiak dira-eta»-. Esaterako, Algortako Txorimalo gaztetxean jo zuen taldeak lehen kontzertua orain hiru urte, eta bertan aurkeztuko dute «Unas pokas monedas» hau ere, etzi. Lan berria 3 euro ziztrinen truke eskainiko dute bertan, baina egongo da zozketa, sari eta sorpresa handiagorik ere. Gero, Laudioko gaztetxera joko dute azaroaren 27an, aurkezpenekin jarraitzeko.

ZUZENEAN

Ikus-entzuleen parte-hartzea bultzatu eta zuzenekoak bizitu nahian, taldeak, musikaz gain, performance-en bitartez oholtzaratzen ditu kezka dituen gatazkak, kontzientziak astintzeko modu aproposa direlakoan.

Fitxa

Taldea: DAR.

Lana: «Unas pocas monedas».

Argitalaria: MusikHerria.

Salneurria: 5 euro (zuzenekoetan 3 euro).

Zuzenean: Azaroaren 6an, larunbata, Algortako Txorimalo gaztetxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo