Euskal Telebistako langileek planto egin dute Patxi Lopezen aurrean
Azken gertakarien aurrean -etxeko bi kazetari zigortu nahi dituzte- elkarretaratzeak deituak zituzten EITBk Bilbon duen egoitza nagusian eta Donostiako Miramongoan atzo. Telebista autonomikoak elkartzen dituen FORTA erakundeak Bilbon bilera zuela-eta, lankideei babesa agertzeko eta Lopezen aurrean protesta egiteko baliatu zuten hitzordua.
GARA | BILBO
Herenegun Donostiako eta Bilboko egoitzetan langileek bilerak egin ostean, elkarretaratzea deitua zuten atzo ETBko langileek, Miramonen 15.00etan eta Egoitza Nagusian 19.00ak inguruan. Modu horretan, Patxi Lopezi aurpegira adierazi nahi zioten telebista publikoko arduradunek Maite Zurikarai eta Jasone Agirre zigortzeko erakutsi duten asmoak sortu dien haserrea, lehendakaria bertara agertzekoa baitzen, FORTAk Bilbon egin duen jardunaldia ixtera.
EITBko egoitzaren sarreraren gainean «Zure etxean zaude» zioen iragarkia irakur zitekeen atzo -Champions League-koaren ondoan-, eta ertzain bikotea ikusi atarian -baita gehiago ere, kaleko jantzita-. Zazpiak jotzear zirela, bertan bildutako langileek, eguerdi ostean Donostiakoek bezala, «adierazpen askatasuna» eta «zentsurarik ez» zioten pankartak ireki, eta lerroan jarri ziren. Ondoan agertu zitzaien Alberto Surio EITBko arduradun nagusia, ez beraiekin bat egiteko, Patxi Lopezi harrera egiteko baino. Eta lehendakaria etorri zenean, langileek herenegun adostutako agiria luzatu zion ordezkari batek lehendakariari -euskara hutsean idatzia-, besteak «utzi bakean ETB» oihuka zirela.
Aurretik, Alberto Surio, EITB taldeko zuzendari nagusi eta telebista autonomikoak biltzen dituen FORTAko lehendakari legez, telebista publikoen etorkizuna aztertzeko Bilbon jorratu den jardunaldian parte hartua genuen. Bertan, «ziurtasunik gabeko garai aldakorrak bizi ditugula onartu zuen, baina aukerez betetako garaiak direla ere nabarmendu nahi izan zuen, egokitzapen ahalegin handia eskatu eta gero. Bere esanetan, telebistak bizi duen «iraultzak» edukietan aldaketak ekar ditzake, eta telebista autonomikoek egoera berri honetan duten merkatuaren aurrean «baikor» azaldu da.
Aipatu jardunaldiak, Madrileko Complutense Unibertsitate katedra duen Enrique Bustamantek ireki ditu, egun kate publikoak «beren buruarentzako mehatxu» direla esanda, «independentzia editoriala barne duen erregenerazio demokratikoa» egin ezean.
Lankideen babesa
Lopezi eta bertaratutako beste guztiei helarazitako agirian, ETB-ko langileek argi uzten dute «joan den astean erredakzioan bizitako gertakari larrien harira eta bi lankideek jasotako zigor iragarpenaren gainean» duten iritzi irmoa. Inolako zigorrik onartuko ez dutela eta «norberak idatzi ez duen albistea irakurtzera behartzeko praktika» oso larria eta salagarria iruditzen zaiela diote. «Prekarietatea eta behin-behinekotasuna informazioaren kontrolerako sarbide izan ez daitezen» kezka agertzen dute, Miguel Angel Idigoras, ETBko zuzendariak «izan duen jarrera autoritario eta neurrigabea» salatu eta erredakzioak hautatutako ordezkariei erabateko babesa agertzeaz gain -tartean da oraindik ere zigortu nahi duten Jasone Agirre-.
Behin Lopez lehendakaria, Suriok lagunduta, EiTBko egoitza nagusian sartu zenean, elkarretaratzea bukatutzat jo zuten bertan bildutako 50 lagun eskasek, baina aldarrikapen pankarta berriro zabaldu behar izan zuten, «telebistako kamera» berandu heldu zela-eta.
«Zure etxean zaude» dio EITBk Bilbon duen egoitza nagusiko leihoetan paratu duten pankartak. Atzo, Alberto Surio eta Patxi Lopez lehendakaria izan ziren bertan, atarian lankideak «utzi bakean ETB» oihuka zirela.
La consejera de Cultura, Blanca Urgell, participó ayer en la jornada sobre el futuro de la televisión pública en Bilbo. La consejera reconoció que los últimos meses las cadenas autonómicas han sufrido un «varapalo» porque, según dijo, se ha cuestionado sus fundamentos y se ha puesto en entredicho la calidad de sus informativos y su independencia.
Además, Urgell afirmó que las autonómicas han registrado caídas de audiencias, por lo que insta a los responsables a «despertar» porque cuentan con «medios y personal suficientes para hacer un producto que satisfaga a la ciudadanía» y ha abogado por que adopten «un papel dinamizador» y sean un servicio «de utilidad». GARA