Konstituzionalera ez ezik, kalera ere joko dute berriro erretretaren lege berria salatzeko
GARA |
Erretiroaren erreformari buruzko legea onartu ostean, joan den asteetan izandako mobilizazio eta lanuzteak zertxobait baretu badira ere, sindikatuek eta kolektiboek hainbat ekimen egin dituzte aste honetan. Legearekiko aurkakotasuna adierazten segitzea eta gaur egingo diren manifestazioei begira tentsioa mantentzea izan da, nagusiki, helburua.
Biarrizko herriko etxearen aitzinean elkarretaratzea egin zuten, zehazki, Latinoamerikaren eta Europaren arteko harremanak aztergai dituen bi urtean behingo Foroaren harrera-ekitaldiarekin batera.
Bestalde, esku-orrien banaketa masiboa egin dute egunotan han-hemenka (Hazparne, Kanbo, Donibane Garazi, Maule, Donapaleu, Baiona, Biarritz...). Ostegunean, Biarrizko La Negresse auzoan banaketan ari zirela, CGTko ekintzaile batek irainak eta erasoa jasan zituen. Zauri arinak baino ez baditu ere, salaketa jartzeko asmoa du sindikatuak.
Kontseilu Konstituzionala
Asanblea Nazionalak eta Senatuak legea ontzat eman ostean, azaroaren 2n, Berdeek eta PSk Kontseilu Konstituzionalera jo zuten, iragarria zuten bezala, «berdintasunaren printzipioa» urratzen duelakoan.
Auzitegiaren deliberoa gorabehera, sindikatuek nahiko lan badute batasuna mantentzen. CGTk azaroan beste mobilizazio egun bat egin nahi du, eta litekeena da azkenean hilabetearen bukaeran beste ekimenen bat izatea, nahiz eta hasieran sindikatuen artean jarrera desberdinak izan diren. Etzi emando dute horren berri.
Anartean, sindikatuek hitzordua eman dute gaur berriro karrikaratzeko. Baionan, goizeko 10.30ean, Saint Ursule aitzinetik abiatuko da manifestazioa.