Izena Abizena Kargua
Zabalza «joan» ez balitzaie ere...
Ez nuen torturaz idazteko asmorik. Asko hitz egin da hartaz azken egunotan eta joan den larunbateko manifestazioak euskal herritar gehienek zer pentsatu eta zer eskatzen duten ezin argiago utzi ondoren, ezer gutxi esan litekeela uste nuen. Baina atzo gosaldu ostean, neure baitan bilduta nengoela, Mikel Zabalzaren heriotzaren auzia artxibatu dutelako albisteak euskal errealitatera jaurti ninduen. Berehala, orbaizetar gaztea atxilotu zuteneko eta ondorengo oroitzapen lausoetara eraman ninduen gogoak.
Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihesari eman zion, baina inork ez zuen halakorik sinetsi, eta herritarren presioaren ondorioz, Guardia Zibilak berak «aurkitu» zuen Bidasoa ibaian, 20 egunean desagertuta egon ondoren. Sumindura nagusitu egin zen eta protestari ezohiko zenbait ahots atxiki zitzaizkion, Zabalza ez baitzen ETAko kidea, torturatua ETAkoa izateak tortura onargarri egingo balu bezala.
Lau urte lehenago, Guardia Zibilak Kantabriako hiru gazte torturatu, tirokatu, gorputz atalak ebaki eta erre egin zituen Almerian. Bertsio ofizialaren arabera, ETAko ekintzaileak zirelakoan atxilotu zituzten, baina ihesari eman zioten eta guardia zibilek tirokatu egin zituzten. Espainia aldean, euskalduna torturatzea demokrazia defenditzea -edo gezurra- den lurraldean alegia, sumindura nagusitu zen... torturatu eta hildakoak ez baitziren «terroristak». Zitala, ezta?
Hainbaten ustez, beraz, tortura torturatuaren arabera baino ez da onartezina.
Oraindik orain Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik auzipetutako guardia zibilak epaitu dituzte. Baina hedabide gehienek ez digute esan hainbat guardia zibil bi herritar torturatzeagatik epaitu dituztela, baizik eta bi terroristaren akusazioak hainbat guardia zibil epaitegira eraman dituela. Terroristak dira eta, horrenbestez, ezin ustezko biktimak izan.
Argi samar geratu zen Zabalza ez zela ETAko militantea. Eta «joan» egin zitzaien. Baina hala gertatu izan ez balitz ere, Zabalzak ez zituzkeen bere torturatzaileak akusatuen aulkian ikusiko, ezta 25 urte igarota ere.