GARA > Idatzia > Kultura

Guggenheimek «Haunted» aurkeztu du, argazkilaritza arte sorkuntza garaikidean

Iragan mendeko 60ko hamarkadako Rauschenberg eta Warhol sonatuen lanekin hasi eta azken hamarkadan sortu direnekin bukatu, ehun lanen bitartez argazkiak sorkuntza artistikoan nola txertatu diren erakusten digu «Haunted» erakusketak Bilboko Guggenheim museoan, eta aurkeztu lanen bitartez «itzuli ezin daitekeen iraganaren inguruan sentitzen duten irrika malenkoniatsua» agertzen dute bertan parte hartu duten artistek.

p040_f01_204x112.jpg

A. BILBAO | BILBO

«Haunted: egungo argazkilaritza-bideoa-performancea» deitzen da Bilboko Guggenheim museoan gaurtik datorren martxora bitarte ikusgai dagoen erakusketa. Bertan, ehun lan ingururen bitartez argazkilaritza artean nola erabili izan den erakutsi nahi zaio bisitariari, Rauschenberg eta Warhol sortzaile itzaltsuenengandik hasita.

Eraikinaren bigarren solairua oso-osorik hartzen duen erakusketa honekin, udazkenerako eskaintza osatu du Bilboko Guggenheimek. Horrekin batera daude bilduma propioko lan hautatuen erakusketa (50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako AEBetako eta Europako arteari arreta jartzen diona) eta Städel museoko Holandako eta Flandriako Pinturaren Urrezko Aroari buruzkoa.

Bilbora heldu aurretik New Yorkeko museoan eskegi zuten «Haunted» (iragan irailaren 6ra arte), baina aberastuta heldu da gurera, erakusketari hirurogei lan berri gehitu baitzaizkio. Gainera, «arkitektura lagun izan dugu hemen, Bilboko aretoak aproposagoak baitira artelan hauek erakusteko», aipatu zuen Nat Trotmanekin batera erakusketa paratzeko ardura izan duen Jennifer Blessingek.

New Yorken ez baina Bilbon ikusgai diren lanen artean, Christian Boltanski, Anna Gaskell, Philippe Parreno, Jeff Wall -2007an Berlineko Guggenheimentzako egin zuen lauko sorta- eta Lorna Simpsonek eginak dira batzuk. Edo Bilboko bildumakoa den titulurik gabeko Clemente Bernad nafarraren argazkia, erdi-erdian zapi zuri bat baino ageri ez duena. Francoren garaiko Carabancheleko kartzelan erabiltzen omen zuten oihal zuri hori, presoen argazkiak egitean, haren parean jar zitezen.

Eta New York hirian izan edo ez Bilbora ekarri dituzten lanen artean, museoaren arkitektura erabilita eraldatu dutenik ere bada; Tacita Deanen performance interesgarri bat tarteko, John Cage konposatzailearen «4.33» piezaren ingurukoa, Merce Cunningham ageri duena bideo emanaldietan (208 aretoan).

Iragana berreskuratu

«Haunted» bost ataletan antolatuta dago. Lehena, «Bereganatu eta artxibatu» izenekoa, Roschenbergen titulurik gabeko lan batekin hasten da (1963koa). Merce Cunningham ageri da dantzan, Nat Trotman arduradunaren arabera, «desagertzear ageri dena mihisean». Ondoan, Warholen «Hondamendi laranja 5. zenbakia», hamabost aulki elektriko ageri dituena (bertan akabatu dituztenengan pentsa dezagun edo).

«Heriotza, publizitatea eta politika» da bigarren atala, eta honek Adam McEwenek 2007an egindako izenbururik gabeko lana jasotzen du, Richard Price artistaren heriotzaren berri ematen duena -heriotza oharren idazle izan baitzen McEwen garai batean-. Hirugarrenak «Dokumentatu eta errepikatu» du gaia eta Sophie Calle, Marina Abramovic edo Ane Mendieta kubatarraren lanak biltzen ditu, Christian Marclayk Nirvanaren musikarekin sortu zuen «Memento» lanarekin batera.

«Paisaia, arkitektura eta denboraren joana» da azkenaurreko atala -bertan dago Bernaden argazkia-. Historiako gertakari esanguratsuak jazo ziren tokiak agertzen ditu sailak. Azkena berriz, «Trauma eta makurra dena», haurtzaroko mamuak berreskuratzen dituena, besteak beste Wearingen «Autorretratua hiru urterekin» lana.

Aurkeztutako lanen bidez, «zaharkitu diren edo ia erabiltzen ez diren gaiak eta teknologiak baliatuz, itzuli ezin daitekeen iraganaren inguruan sentitzen duten irrika malenkoniatsua gauzatzen dute» artistek, eta aurkeztu dituzten lanetan ohikoa da aurreko artista sonatuen lanen erreferentziak agertzea.

Aipatutakoez gain, lan ederrak dira Lia Halloranen «Dark Skate/Griffith Park», argazkiak une izoztu bat baino erakusten ez duela erakusteko; Lisa Oppenheimen «The Sun is Alwais Setting Somewhere Else», Interneteko Flirck-etik hartutako irudien diapositiba emanaldia zein Hiroshi Sugimotoren sorta poetikoa, denboraren joanaz mintzo dena.

ARGAZKILARITZA

Hirurogei sortzaileren ehun lan ingururen bitartez, New Yorketik ekarri berria eta Bilbon aberastua izan den erakusketak «orain gutxiko arte jardunean argazkiak nola txertatu diren islatu» nahi du.

Fitxa

Erakusketa: «Haunted».

Lekua: Guggenheim Bilbao museoa (2. solairua).

Data: Gaurtik 2011ko martxoaren 13ra arte.

Ordutegia: Asteartetik igandera, 10.00etatik 20.00etara.

Sarrera: 11 euro (arrunta).

Carles Guerra hablará el 11 de noviembre sobre «El fin de la fotografía»

Dentro de las actividades complementarias que el Museo Guggenheim Bilbao programa junto a la muestra «Haunted», el próximo jueves Carles Guerra, director de la Virreina Centre de la Imatge de Barcelona, impartirá la conferencia «Varias versiones sobre el fin de la fotografía», y hablará sobre el fin y el futuro de este medio (18.30 de la tarde en Zero Espazioa).

Además, tres artistas participantes en la exposición hablarán, en distintas jornadas, sobre su obra y sobre cómo afrontan la idea del pasado: Idris Khan el 17 de noviembre, Sarah Charlesworth el 27 de enero y Carlos Garaicoa el 22 de febrero. La cita será a las 18.30 en el auditorio, con entrada libre. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo