GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Zabalza auzia, artxibatua, ez bukatua

Badira hogeita bost urte, hilaren 25ean, hain zuzen, Mikel Zabalza nafar gaztea desagertu zela. Hogeita bost urte haren azken oihuak entzun zituztela. Intxaurrondoko kuartelean. Ondoren, Guardia Zibilak eta Barne Ministerio espainolak jakinarazi zuten haren berri: guardia zibilei ihes egin omen zien. Eta bertsio hari eutsi zioten hogei egunen buruan, Guardia Zibilak berak Bidasoa ibaian haren gorpua aurkitu omen zuenean, alegia gorpua ibai hartatik jaso zuenean. Hogeita bost urte igaro eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak artxibatu egin du auzia. Ez du baztertzen Zabalza torturen ondorioz hil izana, baina nahiko froga ez dagoela dio. Ez da harritzekoa, ohikoa baita tortura salaketek bide judizialean aurrera egiten dutenean frogarik ezarekin topatzea edo, bestela esanda, indar armatuen arduradunek ikerketak oztopatzea.

Demokrazia espainolaren hogeita hamahiru urteko ibilbidea frogatu gabeko tortura salaketaz josita dago, aintzat hartu ere egin ez dituzten tortura salaketaz are josiago. Izan ere, atxilotuen inkomunikazioaren zulo ilunak egia irentsi izan du gehienetan, tratu txarrak eta tortura erraztu ez ezik, haiek frogatzea oztopatu ere egiten baitu. Eta epaitegietara iritsi eta akusatuak zigortuta amaitu diren auzi bakanak salbuespenak edo kontu zaharrak direla esanez kitatu izan dituzte demokrazia horretako gobernuek.

Mikel Zabalzaren heriotzaren auzia artxibatu izanak argi utzi du Estatuaren aparatuetako kideen zigorgabetasunak bere horretan dirauela. Horiek horrela, iraingarri eta larria da herri honek jasaten duen gatazkari irtenbide demokratiko baten aldeko ahaleginak oztopatzeko, biktimen -alde bateko biktimen- duintasuna argudio hartzea, Estatuko arduradun politikoek hitzetik hortzera egiten duten bezala, arduragabekeria ikaragarria erakutsita. Kontu zaharra da, izan ere, Zabalza auzia, baina ez bukatua, eta euskal herritarren gogoan dago, joan den asteko tortura salaketak bezain gogoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo