HARRI-JASOTZEA «Albitzuri Handia»
Izeta II.a eta Ostolatza dira irabazteko hautagaiak
Amezketako harri baldarra Euskal Herrian dagoen ospetsuenetakoa da. Orain hiru urte egin zuten azken lehiaketa berarekin. Biharkoa, 16.00etan hasiko da.
Jon LEUNDA
Euskal Herriko harri trakets ospetsuenetakoa da Amezketako «Albitzuri Handi» harria. Urte batzuk igaro dira harria lehian erabili zuten azken alditik, 2007an izan baitzen hori. Bihar berriro ere plazara aterako dute, Amezketako pilotalekuan 16.00etatik aurrera jokatuko den lehiaketan.
Zazpi kirolari arituko dira lehian 165 kilo pisatzen dituen harri baldarrarekin, Izeta II.a, Izeta III.a, Ostolatza, Calvo, Ugartemendia, Lertxundi eta Telleria II.a. Kirolari bakoitzak hamar minutuko txanda bat izango du lanerako, eta kirolari batek lanak amaitu eta bestea hasi aurretik hiru minutuko tartea utziko dute. Tarte horretan izango du harri-jasotzaileak harria ukitzeko aukera, ordura arte inork ezingo baitu harria ukitu, ezta probatu ere.
2007. urtean jokatu zen azken lehiaketa hartan Ostolatzak irabazi zuen, hamaika jasoaldi emanda. Beraz, biharko ere zestoarra bera izango da faborito nagusietako bat, eta berarekin batera baita Izeta II.a ere, izan ere, aiarra primeran moldatzen da halako lanetan.
Harri honekin Goenatxo II.ak dauka marka, hamar minutuan hamabost jasoaldi eginak baitauzka. Biharko saioa erabat erakargarria agertzen da, beraz, alde batetik garaile zein aterako den jakiteko, eta bestetik, ea Goenatxoren marka hori ontzen duten ala ez jakiteko, zaleek badute-eta gogoa, nahiz eta azkoitiarrak lortu zuen marka handia den, eta ez den erraza izango hori hobetzea. Harri-jasotzen nahikoa berriak direnak ere ikusi ahal izango dira.