Aizkora
Peñagarikanok omenaldi bikaina izango du
J.L
Joxemiel Peñagarikanok omenaldia jasoko du bihar 12.00etatik aurrera Beizamako pilotalekuan, bere herrian, alegia. 50 aizkolari inguru batuko dira ekitaldia alaitzeko. Egur Sport enpresa izan da saio honen bultzatzaile nagusia, izan ere Peñagarikano izan baitzen Urrezko Aizkorako lehen txapelduna.
Maila nagusikoak, beteranoak, gazteak, gaztetxoak, denetarik ikusi ahal izango da biharko jaialdian. Peñagarikano bera aizkora utzita dago, baina jokatuko den torneoan bera ere arituko da Nazabal lagun duela. Beizamakoak aizkolari batek irabaz ditzakeen txapel guztiak irabazitakoa da. Euskal Herriko bigarren eta lehen mailako txapelak, Gipuzkoako maila nagusiko txapela, Urrezko Aizkorako txapelak banakakoan, baita binakakoan ere, eta Donostiako Urrezko Kopa ere bai.
Aizkolari onenekin jokatuko den torneoa izango da jaialdiko saiorik erakargarriena. Bertan hamasei bikote lehiatuko dira lau multzotan banatuta.
Estreinako multzoan, Donato eta Ohian Larretxea, Arria V.a-Otaegi, Vicente-Rodriguez eta Otaño-Lasa arituko dira. Bigarrengoan, Nazabal-Peñagarikano, Etxeberria-Erdozia, Senosiain anaiak eta Saralegi-Olano. Hirugarrengoan, Arrospide-Aierbe II.a, Olasagasti- Jauregi, Txapartegi-Etxebeste eta Azurmendi-Ugarteburu neurtuko dira. Azkenekoan, Lopez-Mendieta, Mindegia-Erasun, Rekondo-Atutxa eta Mujika-Zubiaga lehiatuko dira. Multzo bakoitzeko irabazleak pasatuko dira finalera. Bai lehen fasean, bai finalean, biko bakoitzak hiru 60 ontzako moztu beharko ditu txanda librean.
Aizkolari gazteen dema ere izango da, eta bertan neurtuko dira Kortxero, Eneko Saralegi eta Eneko Otaño, azken hau Beizamakoa bertakoa. Baina ez dira horiek izango saio bakarrak, Txikonen eta Aizpururen arteko dema ere izango baita. Mutikoak ere ez dira faltako, eta Zabaleta eta Vicente II.a neurtuko dira, aizkorak etorkizuna baduela erakusteko. Eta hori dena nahikoa ez-eta, aizkolari beteranoen lehia ere ikusiko da, bertan izango baitira Arria II.a, Agite, Arregi, Barberena, Erasun eta Jaunarena.
Ekitaldia binakako saio berezi batekin hasiko da, Nazabal eta Vicente Arrospideren eta Etxebesteren aurka neurtuko baitira, 80 ontzako enborra zutik jarri, eta denak batera, bakoitzak alde bat moztuz.
Herri bazkaria
Jaialdia, ordea, ez da hor amaituko, izan ere herri bazkari batekin jarraituko baitu. Hantxe izango dira goiz partean aritutako bi bertsolariak ere, hau da, Lizaso eta Peñagarikano izango dira kantuan. Azken hau aizkolariaren lehengusua.
Goizean joan, saioa ikusi eta bertan bazkalduz, arratsaldeko giroaz ere gozatu nahi duenak 943 15 07 98 telefono zenbakira deitu beharko du. Ekinaldia ETB-k eskainiko du.