Atxagaren ustez, gure «gizarte literarioaren» kalitatea erakusten du «Erlea» aldizkariak
A. EREÑAGA | DONOSTIA
Lehen alean Far West-a, bigarrenean Irlanda eta, oraingoan, Ipar Euskal Herria, eta Aljeria ere bai, izan ditu ardatz Euskaltzaindiaren argitalpenetan Bernardo Atxagak koordinatzen duen «Erlea» literatura aldizkariaren hirugarren zenbakiak. Orain 30 urte «Ustela», «Susa» eta gisako literatura aldizkariek garrantzi handia zuten, «su txikiak» bezalakoak baitziren -«kulturarekiko ardura zuten guztiak inguruan elkartzen ziren»-, baina, gaur egun halako aldizkari baten betebeharra zein den hausnartzen hasi, eta «euskal sistema eta gizarte literarioa sortu dela, gorpuztu dela» ohartu zen Bernardo Atxaga; eta, beraz, gurean sortzen denaren kalitatea erakutsi beharko lukeela ondorioztatu zuen.
Orain urtebete abiarazitako proiektuaren hirugarren emaitza aurkeztu zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelenan, hori osatzeko ekarpenak egin dituzten egile asko bertan zirelarik. Hasieran Ipar Euskal Herria ezagutzeko «bidaia» literarioa zena Aljeriara «iritsi» zen, eta handik Vicente Amestoy artistaren mundura. Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» lanaren aurrerapena edo Karmelo Landaren espetxealdiko burutazioak aurkitu daitezke bertan, besteak beste.