GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga Filosofian lizentziatua

«Munduko hiritarren» unibertsalismo abstraktuaz

Baina, kasu!, azkar esango dizute gero: «Ez dago espainolik, hiritarrak baizik». Hori bai, zu bitartean, txintxo- txintxo, Espainian espainol izatera Ez desberdinak edo hobeak garelako, baizik haiek bezala, estatua izateko eta munduko hiritar -euskaldun- izateko eskubide berdinaren jabe garelako

Gaur egun politically correct bihurtzen ari da norbere burua kosmopolitatzat hartzen dueneko edo munduko hiritar «sentitzen» omen deneko jarrera. Paradoxikoa dirudien arren, oinarrian populista, atzerakoia eta hegemonista dena. Atzerakoia, herri batek bere etorkizuna erabakitzeko eskubide funtsezkoaren ukazioa ahalbidetzen duelako, afera identitarioa bera ukatuz; hegemonista, munduko hiritarraren atzean beti herri konkretu baten identitatea ezkutatzen delako (normalean hegemonista, espainola edo frantsesa kasu); eta populista, gaur egungo masen kultura demokratiko zintzoan ondo txertatzen den «identitate» lauso eta ez-problematikoa delako. Jakina, termino hori darabilena ez da nazionalista (aitortua); aitzitik, neutroa eta demokrata zintzoa da. Umekeria iruditzen zaio euskaldun/espainol gatazka: bera horren gainetik dago. Hizkuntza bakarra daki berak, eta gehienez ere ingeles pixka bat, eta, hala ere, munduko hiritarra da. Eta, kontuz, haren aurrean besteok gara etnizista eta kobazuloetako homo sapiens txoro nazionalistak. Bera demokrata heldu eta adin-nagusia da; zu, XVIII. mendean galduta dagoen erromantiko irrazionala, hark dagoeneko gainditua daukan paradigma identitariotik atera ezinik dabilena.

Kosmopolitismoa, ordea, tamalez edo zorionez, kontzeptu osoki hutsala da, ez dio ezeri erreferentzia egiten. Aitzitik, aipagarriena zera da: kosmopolitismoaren edo munduko hiritarraren jarreren atzean beti identitate kultural hegemonikoren bat ezkutatzen dela, hain zuzen, estatu bateko nazio ezberdinen artetik gailendu den identitate hegemonikoa. Beraz, itxura denez, kosmopolitak unibertsaltasun abstraktu bat (munduko hiritar) jartzen du diferentzia guztien gainetik.

Horrela, diferentziaren eta berdintasunaren (unibertsaltasunaren) problema azaltzen zaigu, Filosofian buruko min handia eman duena. Problema horren historiari so eginez, diferentzia (kulturena, herriena, nazioena, hizkuntzena...) beti gatazken iturri izan dela ikus daiteke. Kosmopolitismoak diferentzia ukatuz gainditu nahi izan du maiz afera hori. Nola? Adibide zahar bat: San Paulok salbazioa unibertsala dela esan zuen, judurik eta grekorik ez zegoela, beraz. Esan, ordea, grekoz esan zuen. Hortaz, partikular konkretu hori (greziar filosofia platondarra -Nietzschek kristautasuna herriarentzako platonismoa zela zioen-) unibertsal abstraktu batez mozorrotua inposatu zuen. Gaur egun, oraindik, Frantziako Iraultzaren unibertsalismo kosmopolita faltsuarekiko morrontzak zamatzen gaitu. Iraultza hark, hain zuzen, eredu partikular (frantses) bati jarraiki berdindu zuen guztia. Iraultza hartaz geroztik, unibertsalak Frantzia eta Espainia izan dira, eta estaturik ez duten herriak lau zoroen eldarnio nazionalistak bihurtu dira. Jokaldi horren jukutria honetan datza: estatu unibertsalaren atzean, Ilustrazio frantseseko balio partikularrak daude ezkutuan, inolaz ez balio unibertsalak (horrelako ezer abstrakturik existitzen ez delako).

Beraz, Mendebaldean, Iraultza Frantsesaz geroztik, dominazio kulturalaren ezaugarri izan da diferentziak guztiaren «berdintasunaz» (politika, morala, kultura... nahastuz) gainditzea. Hau da, inposatzea. Izan ere, partikular konkretu bat (frantsesa, kasu honetan) hartu eta unibertsal bihurtzen da. Beste guztia ezabatu edo azpiratu egiten da, unibertsalaren kontrako izendatuz. Zer gertatzen da, beraz? Historia ofizialaren arabera, Iraultza Frantsesaren ondotik desagertu egin dira diferentziak: ez dago frantsesik, hiritarrak baizik. Hala ere, euskaldunak, korsikarrak eta bretoiak frantses izatera behartuak jarraitzen dute. Baina hori ez da problema, orain hiritarrak baitira; frantses hizkuntza derrigorrezkoa da -besteak gutxietsiak daude-, baina horri unibertsalismoa deitzen dio akademiak. Baina, atzean eta ezkutuan, espainola eta frantsesa eta haien kulturak eta hizkuntzak daude (edo kasuan kasukoak: Alemanian kulturaniztasuna hondatu omen den honetan, denak aleman berriz ere). Baina, kasu!, azkar esango dizute gero: «Ez dago espainolik, hiritarrak baizik» (Aurelio Artetak dixit). Hori bai, zu bitartean, txintxo-txintxo, Espainian espainola izatera, unibertsaltasuna Espainiak eta haren batasunak ematen dutelako.

Zein da ezkertiar aurresuposatzen den kosmopolitismo horren funtsa? Zein da munduko hiritar kontzeptuaren edukia? Bitxia da ikustea nola gaur egungo jarrerarik politikoki zuzenena norbere burua kosmopolitatzat jotzea den, bai akademikoen munduan, bai politikarien artean, baita identitate problemarik ez dutenen artean ere. Kontzientzia lasai dutela, «ni kultura guztien aldekoa naiz» esaten dizute.

Jean-Paul Sartrek «Burgosko Prozesua» (Gisèle Halimi. Gallimard, Paris. 1971) liburuari egin zion eta ahaztu samarra dagoen hitzaurrea gogoratzea komeni da. Bertan, Euskal Herriko kultura unibertsalista dela azpimarratzen du. Hain zuzen, euskalduna gizaki unibertsal egin nahi du, edo «hiritar abstraktu, espainol baten berdina zeharo», euskal estatu baten bidez. «Aginte zentralen humanismo unibertsalistaren ukoaren bidez» egin beharko dela azpimarratzen du. Eta, beraz, euskaldunak ez duela espainolarekiko diferentea izan nahi: aitzitik, politikoki eskubide berberak izan nahi dituela; bera ere unibertsal edo munduko hiritar izateko. Hori bai, unibertsal euskaldun partikularretik, eta ez espainol edo frantses partikularretik.

Horregatik, guk ere munduko hiritar izan nahi dugulako, euskal estatu bat nahi dugula aldarrikatzen jarraituko dugu. Ez desberdinak edo hobeak garelako, baizik eta espainolek eta frantsesek bezala, estatua izateko eta unibertsal/munduko hiritar -euskaldun- izateko eskubide berdinaren jabe garelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo