GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Aita batentzat oso gogorra da bere alaba ezagutu ezina»

Naia Kortabitarte
Iker Beristain presoaren neska laguna

Irailaren 3an jaio zen zuen alaba, baina oraindik ez du bere aita ezagutzeko aukera izan...

Alaba jaio bezain pronto, NANa eta Familia Liburua egin genion umeari eta horien kopiak bidali genizkion Le Vert epaileari, bera baita bisita baimenak eman behar dituena. Asteak pasata, erantzunik jaso ez genuenez, abokatuengana jo genuen, haiek epailearekin hitz egin eta argitu zezaten. Le Vertek, ordea, Estatu frantseseko kartzeletan bis a bisak existitzen ez direla argudiatuta eta sexu harremanak ezinezkoak direla esanez, Beristainen aitatasuna zalantzan jarri nahi du, dokumentu ofizialek diotena ez-nahikotzat joz eta baimena ukatuz.

Aitatasun eskubidea, beraz, ukatua du?

Noski, erabat gainera. Familia liburuan alaba berea dela agertzen bada, ez da froga gehiagorik behar, bere aita da eta kito! Iker bere aita biologikoa izan daiteke edo adoptatutako ume baten aita, baina bere aita, azken finean! Ez dago besterik!

Abokatuek erabakia errefusatu ondoren, zer gertatu da?

Meauxeko kartzelako zuzendaritzarekin jarri da harremanetan Le Vert, gure bisitetan inzidentziak izan diren argitzeko-edo. Dirudienez, kartzelak txostena igorri dio baina, hala ere, umearen baimena ukatzen jarraitzen du. Bigarren eskakizunen bat egin omen dio kartzelari, baina espetxeko zuzendaritzak ukatu egiten du. Adarra jotzen ari zaizkigu; baimena ukatzeko aitzakiarik ez du, baina bere horretan jarraitzen du.

Umeak bisita baimena lortu arte gose greban jarraituko dute?

Bai, hori da euren asmoa. Joan den astean espetxeko zuzendariarekin hitz egitea lortu zuten, eta berak zuzenean Le Vert epaileari deituko ziola agindu zuen.

Baimenik izan ez arren, duela bi asteburu alaba Meauxeko kartzelaraino eraman zenuen, ezta?

Bai, bidaia luzea izan zen eta hara iritsita ez zioten sartzen utzi. Ni sartu nintzen, umea kanpoan utzita. Oso gogorra izan zen Ikerrentzat, bere alaba bertan zegoen, metro gutxi batzuetara, eta ezin zuen ikusi ere egin, ezin du ezagutu, ukitu... O.L

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo