Maite Ubiria Kazetaria
Auziak Madrilen eta Parisen
Olibondo adaxka bulldozer batekin txikitzen saiatu da X erraldoia buru gainean duen Estatua. Ezohiko legeriak metatuz, auziak pilatuz, euskal gatazkaren oinarria etengabe desitxuratzera jokatu du. Azkenik, ordea, jokalaria bere segadan erori da: itxaropen gose dagoen herriari ura ukatzeko paper tristea egokitzen zaio egun Estatuari.
Herria entzunez ezker abertzaleak harturiko bidea oztopatu nahian, gerra auzitegietako jokabide ilunak berreskuratu dituzte Madrileko eta Pariseko gobernuek. Makila, honetan ere, beren kontra itzultzeko zorian da.
Hedabide guziek aste honetan erakutsi digutenez, espainiar justiziak ez du defentsa eskubiderik bermatzen. Europako estatu batean auzipetuei hitza ukatzen zaie, ezohiko epaitegi baten ordezkariak arrazoi politikorik entzun nahi ez duelako.
Aspaldiko jokabidea izanik ere, egun bestelako esanahia hartzen du Auzitegi Nazionalak «Otegi auzian» hartu duen jarrerak. Horregatik etxeko zein nazioarteko begirale ainitz deseroso sentitu dira auziaren irudiak ikustean. Behatz puntekin ukitzen dugun denbora berri honetan ulergaitz delako bulldozerra baliatzea adaxka bat zapaltzeko. Are gehiago, kontuan izanik, orduko hazia zapuzteko saioa guziz alferrikakoa dela... ahalegin hura, bista denez, loratzeko bidean baita.
Askatasun politikoa legetik kanpo utzi nahi dute. Alta, arrazoi politikoengatik zigortuak izateko arriskuan direnek, hala edo hola, ahotsa altxatu dute. Itsasoak harta gainditu du.
Bihartik aitzin Parisen hedabide ainitzek erakarriko duen beste auzia abiatuko da. Madrilgo Auzitegi Nazionalean bezala, Frantziako ezohiko epaileek «auzi teknikoak» dituzte gogoko. Alta, Otegiren hitz politikoek utzitako oihartzunaren gainean mezu politikoa gailenduko dela Albisu, Iparragirre eta beste zortzi herritarren kontra eginen duten auzian pentsa daiteke.
Madrilen eta Parisen estatuen izenean jarduten duten jujeek ezarritako trabek ez diote argudio teknikoari erantzuten; helburu politiko oso zehatza dute.
Eta jujeen kezka ulergarria da. Milaka kilometrora jokatutako auzi bi horietarik kazetari maltzur batek titular arriskutsua atera dezakeelako: Euskal Herrian demokrazia bide politikoetatik eraikitzeko engaiamendua ezker abertzaleak, bere osotasunean, hartu duela dioen izenburua, hain zuzen ere.