Julen MURGOITIO
Ixo! ixa ezkutatzeko?
Gastronomia izan dut egunotan buruan. Denbora piloa eman suaren aldean platera prestatzen eta mahai gainean jartzean begien itxi-zabal batean, di-da, kontsumitu mahaikideek, erlojuaren orratzari mugitzeko astirik eman gabe, platereko osagaiek tripontzien aurpegia hurbiletik ikusteko astirik izan gabe. Di-da, jan eta ke, akabo dena. Horrelaxe sentitu dut hemengo sozialista batzuen presidenteari hango sozialisten epailekuan gertatua. Hemengo aurretiko ahaleginak hango geroko ezinak. Han eta hemen denbora eta, beraz, erritmoa ere modu desberdinean ulertzen den seinale. Euskal Politikaritza Berria edo. Harako bidaia horretarako ez zen zakuto handirik behar, heldu bezain pronto bueltan baitzen, haginek togadunak ikusteko apenas aukerarik izanda. Zenbat ze-o-bi alferrik botea! Zenbat alper-harri aurrera eta atzera hango epaitegietan, batez ere aurreneko jesarlekuan zirenen hitzen zorrotza kamusteko lan antzuetan!. Tira, harira!. Fededuna ez banaiz ere, sinetsita nago Euskadiko alderdi sozialista hori munduan den alderdirik demokratikoena dela, mundu horretan Espainia bera ere sartuta, kasu honetan. Horra, barruko gutxiengoa errekonozitu ez ezik, gutxiengo hori presidentzian jarri ere! kolpea gero, hori ez da ohikoa politikan, disidentzia goraino aupatzea!, are kolpeago gutxiengo hori pertsona bakarrekoa denean. Horixe begitantzen zait niri, sikiera, horien presidenteak esaten duena alderdiko beste inori ez baitiote nire belarriek entzun. Eta, kasu honetan, ez da nire belarrien ezkoagatik. Beharbada horrexegatik esaten diote alderdia, osoa ez delako; beharbada esan dut.
Presidente horrek hango epailekuan berbarako astirik eduki ez izana hemengo baten batek eskatu berri duen isiltasun-itunarekin lotu daiteke, edo. Ixi! Ixo! Demontre!. Gure beheko Erresumaren erregeak Hego Amerikako Estatu baten mandatari gorenari nazioarteko bilera batean esandakoa etorri zitzaidan gogora itun horrena jakin eta segituan. Susmagarria, itunarena esan gura dut. Batzuek baliatu nahi izango dute ixo! horrena ixa! harena argitu ez dadin, hots X horrena. Badaezpadakoan, beti ere. Hitzen isila. Isila bera da, ordea, eten egin behar dena, eten egin behar den bakarra hori ez bada ere. Isila eteteko ituna behar da, wikileaks moduko bat, noiz edo noiz benetako Oroimen Eguna ospatuko bada, behintzat.