Martxelo Otamendi 2010/11/9
Dezentzia demokratiko pixka bat
berria
De Juana Chaosen kasua oso baliagarria da adierazi nahi dudana agertzeko. Ezarri zioten zigorra beteta kalera irtetear zegoela, sekulako zarata sortu zuten irten ez zedin. Hainbat pertsona hil zituela eta hamarkada pare bat beteta bakarrik ezin zela kaleratu. Orduko Espainiako Justizia ministroak dexente hauspotu zuen auzia, gehiegikeria juridikoen zerrendako lehen postuetan joan beharko lukeen adierazpena egin zuenean; alegia, De Juana Chaos kartzelan edukitzeko arrazoirik ez bazegoen, asmatu egin beharko zituztela. Ministroaren asmoen berri jakin bezain pronto esan zuen orduko fiskalak 94 urteko kartzela zigorra eskatuko zuela De Juana Chaosenentzat Gara-n argitaratutako bi iritzi artikuluengatik.
Adierazgarria izan zen, oso, nolako jarrera hartu zuten egun haietan eta ondorengoetan, esate baterako, EITBko irratietako tertuliakide askok. Balorazioa eskatu bezain pronto, lehen hitzak De Juana Chaosen jokabidetik urruntzeko ziren, «garbi utzi nahi dut hiltzaile bat dela», «pertsonaia higuingarria iruditzen zait», «errukirik gabeko hiltzailea izan da»... eta horrelako asko. Eta gero, distantzia jarri eta gero, gehienek kritikatu egiten zituzten kartzelan edukitzeko Espainiako Justizia eta Poliziaren trikimailuak. Baina lehendabizi, inork dudarik txikiena eduki ez zezan, urrundu oso modu gogorrean pertsonaiarengandik, eta gero haren aurkako gehiegikeriak salatu. Jarrera zilegia.
Gatozen bihar biktima batzuei egingo dieten omenaldira. Gauza jakina da biktima horien artean badaudela torturatzaileak, errepresore bihozgabeak, eta Francoren diktaduraren euskarririk sendoena, besteak beste. Alegia, giza eskubideen urraketaren profesionalak, gogoz eta ofizioz. Batzuk bai, behintzat.
Baina antolatzaileek eta sustatzaileek ez dute arestian aipatutako tertuliakideek hartu zuten distantzia hartuko; ez dute onartuko irakurriko duten agirian omenduetako batzuk giza eskubideen urratzaileak zirela. Nahiz gaizkile horiek torturatutakoak bizirik egon. Ez du axola biktima horien saminak. Egin lezakete, tertuliakideek egiten zuten bezala, distantzia demokratikoa hartu omendu horiengandik. Are logikoagoa litzateke, eta dezenteagoa, aitortzea omenduen artean bazeudela bere garaian giza eskubideak bortizki bortxatu zituztenak; eta, hala ere, inork ez zuela haiei bizia kentzeko eskubiderik eta, eginak egin, omendu egingo dituztela. Hori gutxienez.
Nola omendu litezke Carrero Blanco eta Meliton Manzanas, haien iragana, haiek eginak, ezkutatuz? (...)
Gurean bakarrik egiten dira horrelakoak, giza eskubideak tresna politiko gisa erabiltzen direlako. Eta hori erakunde eta alderdi euskal-espainiarrek egitea logikoa da, asko baitaukate jokoan hurrengo urteotan.
Zer egiten dute, ordea, estrategia horretan alderdi abertzale batzuek? Halako batean, arrain txikia sarean bezala, kateatuta gelditu ziren, eta ezin morrontza horretatik atera.
Duda daukanak galde diezaiola Felipe Gonzalezi. Asko daki-eta giza eskubideen errespetuaz.