Ingurumenari irribarre egiten dion moda
Materialari ahalik eta etekin handiena ateratzea xede, Emausek Sindesperdicio proiektua jarri zuen abian 2008an. Kale-argietan zintzilik izaten diren publizitate kartelak jasotzen dituzte, birziklatu aurretik berrerabiltzea garrantzitsua dela ohartaraziz. Han moztu eta hemen josita, ordu erdian estilo askotako poltsak egiten dituzte. Heldu da ingurumena zaintzen duen moda.
Oihane LARRETXEA
Emaus elkarteak abian jarri dituen proiektuek ingurumenarekin lotura izan dute beti, hori baita enpresaren filosofiaren zutoina. Aldi berean, diseinua eta ingurumena zaintzea bateragarriak direla erakutsi dute. Hain zuzen, bi ideia horiek uztartuz jaio zen Sindesperdicio egitasmoa. Kale-argietatik zintzilik izaten diren publizitate kartelak zakarrontzirako bidean daudenean, eurek aprobetxatu egiten dituzte, PVCzko zati horiekin poltsak, erosketetarako orgak, diru zorroak eta bestelako osagarriak egiteko. Orain bi urte sortu bazen ere, iaz jarri zuten tailerra Arrasaten, bertako Udalarekin akordio bat sinatuta. «Bi helburu ditu proiektuak -dio erakundeko Olatz Pradinik-. Batetik, langileak gizarteratzea da geure asmoa izan ere, Arrasateko gizarte zerbitzuetara jotzen duen jendeak (diru laguntzak jasotzen dituztenak edota egoera ekonomiko ezegonkorra dutenak) har dezake parte programan». Hala, sei hilabeteko prestakuntzaren ostean, horietako batzuk tailerrean lanean hasi ziren. «Bigarren helburua -gaineratu du-, ingurumenarekin lotuta dago; banderolak berrerabiltzen hondakin gutxiago sortzen baitugu». Pradiniren lankide batek Europan eta Estatu mailan antzeko zerbait egiten zela jakin zuen eta hortik sortu zen ideia. burutazio aparta izateaz gain, «geure filosofiarekin bat egiten zuen».
Bere ustez, etorkizuna horrelako jokabideetan dago. «Produktuaren biziraupena amaitutakoan bota beharko genituzke gauzak zakarrontzira. Gaur egun gauzak erabili eta bota egiten ditugu, horiek egoera onean egon arren. Kontsumitzeagatik kontsumitzen dugu». Halaber, arropaz edota etxean dugun sofaz «aspertu garelako», segituan berria erostera joaten garela kexu da. «Horrelako produktuek bizitza luzatzen diote materialari», ondorioztatu du.
Josi eta josi
Prozesuaren lehen urratsa iragarkiak jasotzea da, beraz. «Guk kartelak jartzen eta kentzen dituen enpresarekin hartu-emana dugu. Iragarkia jarri duen erakundeak nahi ez baditu, esaterako, Donostiako Udalak, geuri ematen dizkigute», azaldu du tailerreko arduradun Jone Barquerok. Gero, tailerrean bertan garbitu eta taldeka sailkatzen dituzte, gerta baitaiteke bakoitzetik ehun ale jasotzea. Azkenik, eta irudiaren arabera, poltsa mota bat edo beste egiten dute. «Kartelaren irudiak oso txikiak badira, ezin dira, esaterako, poltsa handiak egiteko erabili, eta beste batzuetan, berriz, patroia ez datorrelako bat marrazki zehatz batekin, ezin da edozein osagarri egin. Baina helburua, azken batean -gehitu du-, poltsa mota guztiak banderola ezberdinetan eskaintzea da, alegia, aniztasuna egon dadila erosle guztietara iritsi ahal izateko».
Etengabe modelo berriak egiten badituzte ere, badira hutsik egiten ez duten batzuk, goiko argazkian agertzen den Madame poltsa kasu. Modelo hau emakumeentzat izan arren -bezeroen gehiengoa-, badira beste formatakoak «eta kolore ilunetan» eramaten ausartzen diren gizonezkoak ere. Diseinuaz Barquero bera arduratzen da eta ideiak kaletik, aldizkarietatik nahiz etxean dituen poltsetatik hartzen ditu. Patroiak ere berak egiten ditu eta josteaz, ordea, Agripina eta Amaia arduratzen dira. Lehenengoa hasieratik dabil tailerrean. Formazio ikastaroan aritu ostean, proiekturako hautatu zuten, eta Amaia, berriz, orain aste batzuk hasi da Arrasaten lanean, Donostian amaitu berri baititu jantzigintza ikasketak. «Oso gustura» ari direla diote. «Lan polita da sormena eskatzen duelako. Beti material bera erabiltzen duten arren, etengabe gauza ezberdinak egiten ditugu eta esku artean dituzun iragarkiak ere aldatzen doaz», dio Agripinak Orleans poltsaren estalkia egiten duen bitartean. Harrigarria bada ere, hogeita bost minutu inguru behar dira poltsa bat egiteko, eta sinpleagoak diren osagarriak egiteko, berriz, denbora gutxiago.
Oraingoz Arrasateko Emaus dendan (Nafarroa etorbidea, 23) saltzen dute eta, Eguberrietara begira, Donostiako Amara auzoko Emaus dendan (Mendeurren plaza, 3) ere izango dira. Hirugarren aukera Internet bidez egitea da (www.sindesperdicio.es). Sarean, gainera, katalogoa ikusgai dago, prezioak eta guzti. «Badira tailerrera etortzen diren bezeroak ere -dio Jonek-. Kartel guztiak ikusi eta gehien gustatzen zaiena aukeratu ostean, hau edo bestea egiteko eskatzen dute». Halaber, etxean kartel kutuna dutenek ere gauza bera egin dezakete. Neurrira egindakoa izateaz gain, naturari kalterik egiten ez diona. Hau ote etorkizuneko moda?