Liburu aurrerapena
Fucking Artist adonis ehiztaria
Xabier Montoiak hainbat garai eta lekutan girotu dituen hamar istorio batzen ditu «Fucking Artists» ipuin liburuak: Jaurlaritzan sartu berri den emakume batek bizkartzainarekin izandako gorabeherak (bildumako lehen ipuina; alegia, gaur aurreratzen duguna); futbol profesionalean arrakasta izatearekin amets egiten duten gazte batzuen istorioa; bikote gazte batek, langabezian geratu ostean, etxea ez galtzeko asmatu behar dituen komeriak... «Golgota» (2008) eta «Anfetamiña» (1983) liburuen egileak ohiko duen begirada zorrotzak bere horretan jarraitzen duela nabaritzen da gozotik baino garratzetik gehiago duten ipuinotan.
Xabier MONTOIA
Gezurra zen lehengo lankideek -haietariko batzuek, noski- zabaldutakoa. Itziar Dominguezek luzaz hausnartu zuen eskaintza, onartu aurretik. Erabaki zaila izan zen. Bazkaltzera gonbidatu zuen sailburuak. Gasteizera joan zen. Kontseilariaren lehen urratsak ziren politikan, bazkarian aitortu zion.
Ongi hitz egin didate zutaz, esan zion, lanpostua zergatik eskaintzen zion azalduz. Batek baino gehiagok, gainera.
Kontseilariari ez, bere buruari galdetu zion nork hitz egin ote zion berataz hain ongi. Ormazurik agian? Ikaskide izan zuen Iruñean, aspaldi, ez lagun. Hogeitaka urte geroago sortu zen adiskidetasuna bien artean, Itziarren senarrari esker. Baltasar Garzón epaile sonatuak itxi eta hamaika urte geroago epaiketarik gabe jarraitzen zuen Egin egunkarian hasiak ziren Ormazuri eta Itziarren senarra lanean, eta, gorabeherak gorabehera, harrezkero bide paraleloetatik ibiliak ziren, El Paisen bukatu zuten arte bi-biek.
Ormazuri gaztea gogoratzen saiatu den aldiro, gaztetxo mehe eta herabe bat ikusi ohi du bere oroimenean. Itzal bat. Hala dakusa bere burua ere: itzal bat urte haietan, fakultateko ikaskide alai eta eder haien guztiengandik urrun. Maritxu esaten zioten Ormazuriri; potoloa berari.
Egia esaten zioten, potoloa zegoen. Jendeak ez dio orain sinesten, baina hala da. Goitik behera begiratu eta, zeinen argal dagoen ikusita, adar joka ari zaiela uste dute. Ez horixe. Itziarren begi miopeei begiratu beharrean, haren aldaka zabalei erreparatuko baliete, errazago sinetsiko liokete noski. Baina begiei erreparatu ohi diete, begirada Itziarren gorputzaren beste edozein zatitan pausatzeko beldur, seguru asko.
Azal eta hezurra, ez haiz besterik, aurpegiratu izan dio behin baino gehiagotan senarrak, mina emateko asmoz. Ez da bakarra izan. Kasu eta guzti eginen lieke, ispilua oso bestela mintzatu izan ez balitzaio. Potoloa, oihu egiten dio, potoloa ez bestea.
Eskaintza berehala onartzekotan egon zen, han bertan. Amets bat zen, patuaren karanbola bikaina, bere balioa argi uzteko aukera paregabea, ordura arte gutxietsi zutenak aho bete hortz uztekoa. Lanpostuaren betebeharrak eta baldintzak aipatu zizkionean, aldiz, zalantzan geratu zen. Astebete eskatu zion kontseilariari. Baiezkoan zegoen, baina duin agertu nahi zuen. Kontseilariak hiru egun eman zizkion.
Ezin dizut gehiago eman, azaldu zion. Prentsa-eta begira ditugu, seguru jardun behar dugu, batez ere orain, hasieran. Bestela nazionalistak izanen ditugu istantean gainean. Hainbeste urtez boterean egon ondoren, edozer aitzakia baliatuko dute gure kontra. Zuhur jokatu behar dugu.
Senarrarekin eta semearekin hitz egin nahiko nuke, beste ezer baino lehen, desenkusatu zen.
Kontseilariak ulertzen zuela ziurtatu zion.
Semearekin ez, senarrarekin hitz egin zuen, ia kontseilariaren bulegotik irtetearekin batera. Hitz egitekotan hobe zutela etxean eta lasaitzeko adierazi zion senarrak.
Zorionak, nolanahi ere, gaineratu zuen deia bukatutzat joz.
Iluntzean, semea oheratutakoan mintzatu ziren, adostu bezala.
Zer egin behar dun? galdetu zion senarrak, harrikoa egin eta egongelako sofan eseri zelarik.
Oraindik ez zakiat seguru. Hik zer egingo huke?
Hiri eskaini dinate, ez neuri. Beste inork ezin din hire partez erabaki.
Damutu egin zitzaion senarrari galdetu izana. Gauza bera erantzuten zion beti: hik nahi dunana. Baina senarraren iritzia zen Itziar Dominguezek benetan nahi zuena. Bizkartzainarena aipatu behar izan zion.
Hik ere bai?
Nik ere bai. Derrigorrean, erantzun zion alboan kopetilun zuen senarrari. Haren galdera nahikoa zuen, bere erabakiari senarrak gaizki irizten ziola jakiteko. Niri ere ez zaidak gustatzen, ez pentsa. Baina ez zagok besterik. Onartuz gero, bizkartzain eta guzti onartu beharra zagok.
Badakin zer esango duten, ezta?
Bazekien. Traidoretzat joko zuten, oportunistatzat.
Bost axola inbidioso koadrila horrek esaten ahal duena!
Ez zion senarrak sinetsi. Ezagun zuen begiradan. Abertzale sutsuak izan ziren gaztetan, baina abertzaletasuna nabarmenki epeldu zitzaien denboraren poderioz. Aspaldi ez zuen politikaz pentsatzen, baina, bere burua definitu behar izanez gero, oraindik ere abertzalea zela -demokratikoa, noski- esanen luke. Aberria maitatzea omen zen abertzale izatea, azken finean, eta berak Euskadi maite zuen. Bere erara maite, jakina, baina herria maitatzeko era asko zegoen. Sozialistek ere, senarrak kontrakoa uste izan arren, Euskadi maite zuten. Esan egin zion.
Irribarre egin zuen senarrak, etsituta itxuraz, betiko leloari lotu aurretik: hik nahi dunana.
Horixe egiteko asmotan zen, bai horixe. Biharamunean bertan emanen zion kontseilariari baiezkoa.
Nik ez dinat inor nahi nire atzetik, ohartarazi zion senarrak. Eta ez dinat uste Inautek ere nahiko duenik.
Mina egin nahi izan zion senarrak. Ez zion haren amuari kosk eginen. Mutu, begirada telebistan finkatu zuen, solasaldia bukatutzat joz. Baina senarra liskarraren bila zebilen, golkoa zapaltzen ari zitzaion amorrutik libratu nahi zuen nola edo hala.
Kontra egin behar izan zion: Ormazurik ere izanen dik eta, hala eta guztiz, hire lagun handia duk.
Ormazurik ez zaraman bizkartzainik, bihurritu zitzaion senarra.
Isildu egin zen. Senarra nola gogor jo bururatu arte, behintzat. Eramango balu ere, hi berdin ibiliko hintzateke harekin, bota zion bertatik bertara.
Balizko errotak irinik ez, horra senarraren berehalako erantzuna.
Begiak malkotzen ari zitzaizkiola nabaritu eta arreta telebistan jarri zuen ostera. Baina senarrak zaurian mokoka jarraitu nahi zuen: Hik egin ezan nahi dunana, noski. Inauten edo nire inguruan ez dinat bizkartzainik nahi. Aditu dun?
Titulua: «Fucking Artists».
Egilea: Xabier Montoia.
Argitaletxea: Elkar, 2010.
Orri-kopurua: 256.
Prezioa: 20 euro.