«Amorrua sentitzen duzu, badakizulako zure izena nola lortu duten»
Gazte nafar honek duela egun gutxi jakin zuen gazteen kontrako azken sarekadan bere izena atera zela. Hasierako urduritasun eta beldurrari aurre egin eta «inoiz baino gogo handiagoz» ari dela lanean aitortu du.
Nola jakin zenuen zure izena atxilotutako gazteen polizia deklarazioetan agertu zela eta nolakoa izan zen une hori?
Polizia deklarazioetan nire izena ageri zela jakin nuenean, ohikoa den moduan, urduritasuna eta beldurra sentitu nuen hasieran; gerora, ordea, haserrea eta amorrua, jakin badakidalako nola atera diren izen horiek eta zer suposatu duen horrek urriaren 22an atxilotu zituzten hamalau gazteentzat.
Zein eragin du zugan edozein unetan atxilotu zaitzaketela jakiteak?
Tamalez, horrelako berriak askotan ez dute sorpresa eragiten. Argi dugu zer suposatzen duen herri honen alde lan egiteak eta, zoritxarrez, badakigu espetxea hor dagoela. Gelditu baino, indar handiagorekin lan egiten dut orain, kartzelan dauden lagun guztiek edo etxetik alde egin behar izan dutenek horregatik ere borroka egin dutelako, gogor eta tinko beti, eta guk ere hori egin behar dugulako. Azken finean, etsaiak gu geldiarazi nahi gaitu, baina asko dugu irabazteko.
Zure inguruak, familiak, lagunek eta abarrek, nola hartu dute berria?
Azken urteetan horrelako berrietara ohitu gara eta, beraz, jada ez gaitu horrenbeste harritzen poliziak era honetako zerrenda beltzak egitea. Nire inguruan, Nafarroan, horrelako asko bizi izan ditugu eta, zoritxarrez, ohitu egin gara. Hala ere, jasotako elkartasuna izugarria izan da, jende guztia agertu zait laguntzeko prest.O.L