GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Zaragozara bisita

Barruko jokoaren zalantzak uxatzeko neurketa

Haislip eta Rancik elkarrekin eramango ditu Dusko Ivanovicek, Barac-en ordezko lana egiteko. Aragoiko taldea liga hasiera txukuna egiten ari da eta, esaterako, Palau Blaugranan irabazi ahal izan du.

p048_f01_444x444.jpg

CAI ZARAGOZA-BASKONIA

Arnaitz GORRITI

ACB Ligan Euroligan baino ibilbide hobea egin du orain arte Baskoniak eta, hala, CAI Zaragozari egin beharreko bisitan faborito izango da talde gasteiztarra, nahiz eta, batetik, Felipe Printzearen pabilioian irabaztea beti den zaila eta, bestetik, Euroligan Zalgirisen aurka galdu ostean, zenbait zalantza sortu diren.

Barneko jokoan batez ere. Denboraldi hasiera ona egiten ari da Stanko Barac, baina ordezkorik ez dauka eta, ondorioz, faltak eta egin beharreko esfortzua, defentsan batez ere, asko kontrolatu behar ditu.

Horrez gain, azken jardunaldietan aurkariek nolabait neurria hartu diotela esan liteke: Begic, Batista edo Eze bezalako pibotek kalte handia egin diote kroaziarrari eta, beraz, Baskoniari. CAI Zaragozak ere Hettsheimer eta Chubb bezalako pibotak ditu; talentu handirik gabeak, baina gogorrak eta esfortzuari ihes egiten ez diotenak. Hala, Ivanovicenen barruko jokoak sortu dituen zalantzak uxatzeko azterketa polita izanen da gaur eguerdiko partida.

Rancik ala Musli?

«Azken entrenamenduaren ostean erabakiko dugu bietako zein eraman partidara», adierazi zuen atzo Dusko Ivanovicek. Haislipek, lau minutu baino jokatu ez bazituen ere, egoera fisikorik onena bilatu dezan aukera polita du gaurkoa. Hala ere, estatubatuarrak aurreneko liga jardunaldia baino ez du jokatu orain arte, eta ikusi egin behar zer eskaini diezaiokeen Montenegroko teknikariari.

Zalantza nagusia Rancik eta Musliren artean egongo da, bada. Eslovakiarra maila aparta ematen ari da -Zalgirisen aurka baskonistarik onena izan zen, esaterako-, baina ez da ahaztu behar behin-behineko kontratua baino ez duela. Horrez gain, Rancikek egiten duen lana burutzeko Haislip aukera ezin hobea da, hegal-pibot postua betetzen baitu berez. Barac-i atsedena emango dion pibot bat behar du orain Baskoniak, eta orduan Dejan Musli-k abantaila izan lezake Nitra-ko jokalariarekiko.

Alabaina, argudioaren beste aldea ere ikusi behar da. Rancik ez da pibota, baina Muslik oraindik larregi dauka ikasteko ACB Ligan minutu asko izan arte. Serbiarra etorkizunera begira Europan dagoen jokalari onenetakoa da bere postuan, Lituaniako Motejunas eta Vanaciunasekin eta Turkiako Enes Kanter-ekin batera. Hori, ordea, ez da nahikoa Ivanovicek minuturik emateko. Orain arte 14 minutu baino ez ditu izan Muslik, Fuenlabrada eta Valentzia Basketen aurka. Bi aldietan Rancik lunbalgiak jota zegoen. Hala, badirudi Ranciken aldeko hautua egingo duela Ivanovicek.

Zalantza horiek direla-eta, astean ia ez da CAI Zaragozari buruz ezer esan. Jose Luis Abos-ek zuzentzen duen taldeak, igo berria izanagatik, txukun ekin dio denboraldiari. Dagoeneko hiru garaipen lortu ditu -aurreneko hiru partidak galdu ostean-, tartean Bartzelonari Palau Blaugranan bertan. Sailkapenean leku lasaian daude.

Hiruko jaurtiketetan parekorik ez duten bi talde

Hiruko jaurtiketetan ACB Ligako talderik onena dira bai Caja Laboral Baskonia bai CAI Zaragoza. Biek ala biek %44-tik gora asmatzen dute 6,75 metroko marratik atzera egindako jaurtiketetan: 129tik 57 Baskoniak eta 134tik 59 Aragoiko taldeak. Esan beharra dago talde hauen bien atzetik datorren hurrengoak, Lagun Aro Gipuzkoa Basketek, alegia, %38 asmatzen duela urruneko jaurtiketetan.

CAI Zaragozaren barruan kasurik arraroena Chad Toppert-ena da. 30 puntu sartu ditu Albuquerque-ko jokalariak, denak hirukoak; ez puntu bateko ez biko saskiratzerik. Hegalekoak 13 hiruko bota ditu sei neurketatan, eta horietatik 10 sartu ditu; hau da, %76,9. A. G.

Paco Vazquez, min hartuta, sei astez bajan izango da

Ostiraleko derbian min hartu zuen Paco Vazquezek eta sei bat astez bajan izango da. Ibizako eskoltak ezker eskuko bigarren metakarpo-hezurra hautsi zuen Lagun Aro GBCren aurka. Bizkaia Bilbao Basketeko mediku zerbitzuek ebakuntza egin edo ez erabakiko dute datorren astean.

DKV Joventuten aurkakorako sarrerak, salgai

Bizkaia Bilbao Basketek gaur zortzi, 12.30ean, DKV Joventuten aurka jokatuko du Bilbao Arenan, eta partida horretarako sarrerak salgai daude jada. BBKren bitartez edo Bilbao Basket Zonan -Colon de Larreategui, 39- eros daitezke. Sarrerak 15 eta 40 euro artekoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo