GARA > Idatzia > Ekonomia

Sareak, euskara lan munduan txertatzeko aukera berria

Euskara enpresa munduan erabiltzea posible da, eta, zehatzago, lan munduan gaur egun hainbesteko indarra hartzen ari diren sareak eta teknologia berriak euskaraz erabiltzea ere posible da. Enpresek hautua egin eta dauden bitartekoak erabili eta berriak sustatu baino ez dute egin behar.

p030_f01-181x144.jpg

Amaia ZURUTUZA

Hizkuntza normalizatu batek hamaika esparrutan bete behar du bere komunikazio zeregina, besteak beste, etxean, familian eta lagunartean, kalean eta eskolan, lantokian, harreman komertzialetan nahiz administrazioan. Horixe baieztatu zuen Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak joan den ostegunean, elkarte honek antolatuta eta «Enpresak eta euskara, sareak sortzen» lelopean Gasteizen egin zen jardunaldian. Zentzu horretan, euskarak ere, biziraungo badu, eremu horietan guztietan erabilera normalizatua erdietsi beharko duela adierazi zuen.

Gutierrezekin batera, Codesyntax enpresako gerente, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko zuzendaritzako kide Eneko Astigarragak ere hartu zuen parte hitzaldian, bai eta Bitarlan enpresako gerente, Berria egunkariko Zibergela informatika atalaren eta blogaren idazle eta, Astigarraga bezala, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko zuzendaritzako kide Jabi Asurmendik ere.

Euskara eremu orotan normalizatzeko helburu orokorrari helduta, Ziurtagiriaren Elkarteak eremu zehatz bati, lan munduari, heldu zion ostegunean. Hala, lan munduan sareak nahiz teknologia berriak euskaraz erabil daitezkeela eta horrek enpresari berari onurak ere ekar diezazkiokeela defendatu zuten Gasteizen. Horretarako, jardunaldian parte hartu zutenek euskara beren antolaketan, informazio eta komunikazio teknologietan zehazki, nola txertatu ikasi zuten. Zentzu honetan, Gutierrezek azaldu zuenez, «euskara enpresa munduan erabiltzea posible dela erakutsi nahi dugu, esperientzia arrakastatsuak egon badaudela erakusten duten adibideak emanaz, eta, era berean, enpresa munduan sareak eta teknologia berriak euskaraz erabiltzea posible dela».

Egun sekulako indarra hartzen ari diren sareak hizpide hartuta, Eneko Astigarragak Internetek euskarari «testuinguru geografikoak ezartzen dituen mugak gainditzeko aukera» ematen diola esan zuen. Ondorioz, mundu birtualean euskarak bestela ez dituen aukerak dituela nabarmendu zuen, besteak beste, euskara sarean soilik erabiltzen duten norbanako edo taldeak badaudelako.

Sareen arrakasta, berriz, modan, komunikazioa errazteko ahalmenean eta informazioa sortzeko eskaintzen duten aukeran oinarritu zuen Astigarragak, eta enpresek ere sare-sozialak antzeko arrazoiengatik erabiltzen dituztela adierazi zuen: bezeroekin komunikazioa errazten dutelako eta, era berean, barne komunikazioa errazten dutelako, informazioa trukatu eta sortzeko aukera eskaintzen dutelako, bai eta marketinerako tresna direlako ere.

Alde horretatik, enpresek sarean garatu nahi duten estrategia diseinatzeko orduan jarraitu behar dituzten urratsak aipatu zituen Astigarragak. Lehenik, sarean duen egoera aztertu behar du enpresak; gero, sarean nola egon nahi duen definitu. Horretarako, kultura aldaketa txertatu beharko du enpresako kideen artean eta, azkenik, ekintza plana zehaztu eta garatu behar izango du.

Bukatzeko, hainbat ondorio nagusi eskaini zituen Codesyntax enpresako gerenteak. Hala, Interneteko sare sozialen garaia hasi baino ez dela egin esan zuen eta enpresentzat estrategikoa dela Interneteko sare-sozialetan egotea. Horren harira, eta hizkuntzari erreparatuta, tokiko merkatuetan tokiko hizkuntza erabiltzeak enpresei lehiakortasunerako abantaila dakarkiela baieztatu zuen.

Azkenik, sarea euskararen erabilerarako beste eremu bat besterik ez den arren, gaur egungo gizartean eremu hori benetan estrategikoa dela nabarmendu zuen Ziurtagiria Elkarteko zuzendariak, eta euskara, lan mundua eta sarea lotzera dei egin zuen.

Enpresarean, euskaraz lan egin nahi dutenentzako taldea Facebook-en

Enpresarean Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Bitarlan enpresak sortu berri duten ekimena da. Bitarlaneko gerente Jabi Asurmendiren hitzetan: «Euskaraz lan egin nahi duten enpresentzako eta langileentzako Facebook-eko talde bat da».

Ekimenaren helburuak, besteak beste, euskaraz lan egiten duten enpresen artean eta langile euskaldunen artean elkarlana eta harremana sustatzea nahiz hornitzaileek eta bezero euskaldunek elkar ezagutzea erraztea dira. Baita, euskaraz ez dauden baliabideak euskaratu daitezen indarrak batzea, administrazio publikoaren jardunean euskara kontuan har dadin bultzatzea nahiz langile euskaldunak eta lana bera euskaraz aurkitzeko baliabideak eskaintzea ere. Enpresarean-en parte hartzera dei egin dute antolatzaileek denen artean tresna hau indartzeko. A.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo