Analisia
Frontoi valentziarra ere aukera izan daiteke
Esku pilota ez da trinketean edo frontoian bakarrik jokatzen. Leku gehiago ere badaude, eta horietako bat frontoi valentziarra da. Euskal pilotari bat baino gehiago hara begiratzen hasia da.
Jon LEUNDA
«Frontoi valentziarra» izan al daiteke Euskal Herriko eskuzko pilotari batzuen irteera? Hori denborak esango du, baina aukera hori aztertzen hasita dago pilotari bat baino gehiago. Eta ez da harritzekoa, azkenean esku pilotan jokatzeko aukerak ez baitira ezker paretan edo trinketean amaitzen, horiek baino askoz ere gehiago dira.
Asko izango dira, ordea, frontoi valentziarra zer den ez dakitenak. Izan ere, hemen pilotari valentziarrekin eta euskal eta frontoi valentziarren tarteko kantxa egokituta jokatu diren partidek ez dute mesede handirik egin. Horiek ez dira jokatu ez frontoi valentziarrean, ez eta beraiek erabiltzen duten materialarekin ere. Eta okerragoa dena, ia guztiak frontoian aritzen ez diren pilotariekin antolatu izan dira. Normalean escala i corda-ko pilotariak ekarri izan dituzte, eta hori ezker paretako pilotariak trinketeko jaialdi batean jartzea, edo trinketekoak frontoian jartzearen gisakoa da. Izan ere, escala i cordako-ak urtean oso partida gutxi jokatzen dituzte frontoian, eta horrekin nahiko haserre agertzen dira frontoian aritzen diren pilotari valentziarrak.
Euskal Herriko eta Valentziako frontoiek ezberdintasun dezente dituzte. Hasteko, neurriari dagozkionak; euskal frontoiak 36 metrokoak dira, eta 25ekoak Valentziakoak. Zabaleran 8 metro ditu Valentziakoak eta, ia bi gehiago, hemengoak. Pilotetan ere sekulako aldea dago, izan ere, 100 gramo pasakoekin jokatzen da hemen, eta 48koekin, Valentzian. Tantoei dagokienez ere dute sistema bera erabiltzen. Bakarkakoan, tenisean bezala jokatzen dute, jokotan, eta tantoak ere tenisean bezala zenbatzen dituzte. «Bestela sakearekin alde handiak izango lirateke, frontoi laburra eta material arina erabiltzen baitugu, eta horrekin sakearen aldea apur bat ekidin nahi da», azaldu du Pascual Balaguer Buruz Buruko Txapeldunak. Binaka, berriz, hemen bezala jokatzen da, baina 41 tantora.
Aldeei dagokienez, euskal frontoia, valentziarra zein trinketa ederki ezagutu eta alderatu ditzakeen bakarrenetakoa Lemay Estrada kubatarra da. Hiruretan jokatutakoa da, eta frontoi valentziarreko egungo izarretako bat. «Egia esan, ezberdinak dira denak. Nik esango nuke jokatzeko zailena euskal frontoia dela, nahiz eta atzelarientzat frontoi valentziarra ere oso zaila den, errebotetik pilota asko eraman behar baita. Hasteko egokiena, berriz, trinketa da», dio. Estradak 2002an Iruñean jokatu zen Munduko Txapelketaren ostean ihes egin zuen Kubatik. Ordura arte trinketean eta ezker paretan aritu zen. Gero, Garfe enpresarekin ezker paretan aritu ostean, Valentziara joan zen, eta han ari da, mailarik gorenean. «Lehen ikasitako guztiak balio izan dit, nahiz eta hasieran dezente kostatu zitzaidan. Pilotak oso arinak dira, eta ezker paretan edo trinketean egin ezin ditzakezun jokaldiak egiteko aukera ematen dizu. Nik asko gozatzen dut. Nire ustez, euskal frontoian aritzen direnak ere entrenatuta jokamolde honetara moldatu daitezke, batez ere aurrelariak», dio Estradak.
Iritzi kontrajarriak
Jotzeko era ere ezberdina da. Hemen behetik asko jo behar den bezala, han goitik eta airez jo behar da. Hori bai, ateak zabaltzea begi onez ikusiko lukete valentziarrek. «Nik uste dut valentziar, irlandar zein euskal pilotak bateratuta egon behar luketela. Bakoitzak berea defendatuz, baina denak batera egonda, aukera gehiago genituzke. Eta pilotariok ere bai. Era baterako balio ez baduzu, beste bat daukazu, eta aberasgarria da denentzat, bai guretzat, baita euskaldunentzat ere», baieztatu du Pascual Balaguer txapeldunak. Hemengo adituek iritzi kontrajarriak dituzte. «Egia esan, udan hemendik kanpo jokatzera joaten garenean, 25 metro inguruko frontoi askotan jokatu behar izaten dute gure pilotariek, eta uste dut hori bultzatu behar dela. Jokatzeko askoz ere ikusgarriagoa da, tanto azkarragoak eta politagoak ikusten dira. Nik uste dut hori onartzea bai zaleentzat bai pilotarientzat beste aukera bat litzatekeela, pilota aberastuko lukeena. Kontua da, ordea, frontoi valentziarra ez dagoela Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan onartuta, ez eta gainerako euskal pilota federazioetan, eta arazoak hortik etor daitezke», dio Egur Sport pilota enpresako arduradun Luis Mari Bengoak.
Jean Batiste Garat-i zalantza gehiago sortzen dizkio. Bera trinketeko txapelduna izana da banaka nahiz binaka. Egun, eskuzko trinketeko eta frontoiko pilotari trebatzailea da. «Frontoi valentziarra ez du jendeak hemen gustura hartuko. Ez da hemengo jokamoldea eta, hemen, ezagutu aitzin ateak ixteko ohitura handia dugu. Joko berria ere hor dago, hementxe daukagu, ezker pareta eta trinketa batzeko asmoz egina, baina askok ez dute onartzen, eta uste dut valentziarrarekin ere gauza bera gertatuko litzatekeela», dio Garatek.