GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Duintasunaren zapalkuntza bikoitza

Duela aste batzuk Elghalia Djimi giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrari egindako elkarrizketa argitaratu zen egunkari honetan. Orduan, 14 urteko mutiko saharar bat erail berri zuten Aaiunen, eta Elghalia, estutasunak jota, gertakizunak bereen haien ahotik jakiteko beharrak hartuta zebilen. Duintasunaren adibide den emakume hau pertsonalki ezagutzeko aukera eta ohorea izan nuen, eta egunotan, bera dut gogoan.

Bera bezala, bere herri osoa. Azken hogeita hamabost urteotan irmotasun sendoa ez ezik, pazientzia amaigabea ere erakutsi duen herria. Engainatua -non dago promesturiko erreferendum hura?-, lapurtua -denok ezagutzen ditugu tartean dauden interes ekonomiko izugarriak-, bortxatua -giza eskubideen errespetua eta bermea hutsaren hurrengoa baita euren lurralde okupatuan- eta, batik bat, abandonatua izan den herria -Espainiak Marokoren mende bere horretan utzita lurralde hartatik alde egin zuenean-.

Hain zuzen, nazioarteko erakundeei dei egin zien Elghaliak bere elkarrizketan, sahararren ordezkari guztiak egiten ari diren bezala. Ezin baitute aspalditxo bizi duten egoera latza gehiagoz jasan, baina batez ere, nazioarteko gobernuek erantzukizun handia dutelako herri honekiko, Espainiak bereziki, eta ez dutelako hatzik mugitzen, hitz epelak botatzeko ez bada -benetako lotsa eta amorrua ematen du Espainiako Gobernuaren kasuan-. Itotzear ditu Marokoko Gobernuak sahararrak, nahastuta kanpoko iritzi publikoa kazetariak sar daitezen galarazita. Biztanleria zibilaren kontra zigorgabetasuna egikaritzen dihardu, batere disimulurik gabe, nazioarteko agintariek hitzez behin eta berriz defendatzen dutena (askatasun eta eskubideak) urratuz, eta hauek, bitartean, gobernu horrekin dituzten harremanak ez nahasteak baino ez ditu kezkatzen.

Elghaliaren modukoei, giza eskubideen aldeko emakume, gizon eta gazte ekintzaileei, euren etxeetatik armen bidez atera eta bahituta, tratu txarrak ematen dizkie Marokok, antolaturiko protestak eta aldarrikapenak zanpatzeko eta isiltasunaren legea berriz ezartzeko, inpotentzia eta injustiziaren pisua sekula baino gehiago hedatzen ari direla kontuan hartu barik. Kazetariek ezingo dute hara sartu, baina hori horrela gertatzen ari dela nik baldin badakit -bedeinkatua izan bedi Internet-, zer ez ote dute jakingo gobernu espainiarrak eta bestelakoek? Nola liteke gertatzen ari denaren justizia ezaz eta larritasunaz kontziente, jarrera-aldaketarik ez agertzea?

Beti gidatu dituen irmotasun eta duintasuna galtzen ez duen herri horrek, bakezaletasuna beste inork ez bezala defendatu eta praktikatu duenak, jasaten duen hipokrisi politiko honen ondorioz, azkenik pazientzia agortuta, nazioartearen iruzur eta ekintza ezaz nazkatuta, borroka armatura joko balu, itotzear dagoenaren salbatzeko azken saiakera gisa, «belauniko bizi ordez zutik hiltzea» aukeratuta, herri terroristatzat jotzeko lotsagabekeria erakutsiko al du nazioarteak?

Elghalia eta haren modukoak ditut gogoan, justiziaz eurena defendatzen duten gizon-emakume duinak, herri bezala batera borrokatzen direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo