Laura Mintegi Euskal PENeko lehendakaria
Idazleak, kartzelak, Nobel sariak eta PEN
Teresa Toda Euskal PENeko zuzendaritza batzordeko kidea da eta Liu Xiaobo baino juxtu urtebete lehenago atxilotu zuten, 2007ko abenduan. Aurten hiru urte beteko ditu kartzelan
Aurten bi Nobel sari jausi dira PENeko kideen artean. Bata izan da Liu Xiaobo idazleari eman dioten Bakearen Nobel saria. Eta bestea, Literaturaren Nobel saria, Mario Vargas Llosa idazleari emana.
Liu Xiaobo ez da oso ezaguna Mendebaldeko jendearentzat, baina idazleen eremuan, adierazpen askatasunaren arloan eta PEN familian aspaldidanik dugu bere ibileren berri. Txinatar PEN Independenteko (Independent China PEN Center) presidentea izan zen Xiaobo urteetan eta egun kartzelan dago hamaika urteko zigorpean. Delitua? 2008ko abenduan, beste hirurehun intelektualekin batera, gutun irekia idatzi zion Txinako Gobernuari Herriaren Kongresu Nazionalak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna sina zezan. Berak hedatu zuen «08 Gutuna» deiturikoa abenduaren 9an, eta hasierako hirurehun sinatzaileak 10.000 sinatzaile izatea lortu zuen, Txinan bertan eta erbestean zeuden hainbatek bultzatuta. 2008ko abenduan bertan atxilotu zuten, baina 2009ko apirilera arte ez zioten esan salaketa: «Zurrumurruak hedatzea eta gobernua difamatzea, eta estatua iraultzeko laguntzea, azken urteetan sistema sozialista bertan behera uzteko asmoz».
Delitu hori zigortzeko epaitu zuten, eta 2009ko abenduan hamaika urteko kartzelaldia ezarri zioten. Ordutik dago kartzelan, eta kartzelan jaso zuen Nobel saria eman ziotelako albistea, emazteak harengana heltzea lortu zuenean.
Marian Botsford Fraser, Nazioarteko PENeko WIPC Idazle Kartzelatuen aldeko Batzordeko (Writers in Prison Committee) buruak gogora ekarri du Xiaobok gutunean idatzi zuen esaldi bat: «Hitzak delitu gisa ikusteko ohitura geldiarazi behar dugu». Fraserren hitzetan, hain sinplea den esaldi hori esateagatik eta herri txinatarraren demokrazian sinesteagatik bete beharko du Xiaobok hamaika urteko espetxe zigorra.
Ez da hutsala kartzelan dagoen idazle bati Bakearen Nobel saria ematea. Batetik, agerian uzten duelako hitza baino erabili ez duen pertsonak nahikoa meritu duela bakearen ekintzailea izateko. Bestetik, hitza preso sartu nahi izana salatzen du sariak, eta ozen adierazten du adierazpenak askea izan behar duela, esatea librea dela, kritika osasungarria dela eta, aldi berean, arriskutsua.
John Ralston Saul Nazioarteko PENeko presidenteak esan duenez, «Bakearen Nobel saria Liu Xiaobori emateak agerian utzi du mundu osoan adierazpen askatasunaren garrantzia, eta Xiaobo da balio horren adierazle ausarta».
Liu Xiaoboren kasua sutsu defendatu izan da PENen barruan eta PENetik kanpo, ahal izan den eremu guztietan; izan ere, berak baino hobeto gutxik adierazten dute zein den PENen filosofia, PENen helburua eta PENen afana.
Mario Vargas Llosa Nazioarteko PENeko presidenteordea da, beste hainbat lagunekin elkarlanean. Orain Nobel saridunen zerrenda osatzera dator, Harold Pinter, J. M. Coetzee, Gunter Grass eta Nadine Gordimerrekin batera, denak ere Nazioarteko PENeko presidenteordeak. PEN familia poztu egin du bere kide eta presidenteordeari halako sari preziatua emateak. Ideologikoki ez da bat etorri behar PEN kide bakoitzarekin, komunitate bakarra sortzeko. Hain zuzen ere, soka berekoa ez dena kidetzat hartzeak eta berorren inguruabarrak onartzeak handiagoa egiten du PEN proiektua; izan ere, horixe da eskuin-ezker hedatu nahi duen mezua: denok dugu lekua, inor ez dago sobera, eta nork bere ideiak defenda ditzake hurkoak errespetatuko dituelako esperoan, gustukoak izan ala ez.
Vargas Llosak esan berri duenez, «estatuen artean zatiketa handiak diren garaiotan, PEN da uneoro zubiak zabalik egon daitezen saiatzen den erakunde bakarrenetarikoa».
Teresa Toda Euskal PENeko zuzendaritza batzordeko kidea da eta Liu Xiaobo baino juxtu urtebete lehenago atxilotu zuten, 2007ko abenduan. Aurten hiru urte beteko ditu kartzelan eta, inork aurkakoa lortu ezean, beste hiru urte gehiago emango ditu barruan, preso. Epaiketan ez zen frogatu Teresak berak deliturik egin zuenik. Kazetari eta enpresari talde osoa epaitu eta kartzelatu zuten egunkariaren arduradunak izateagatik. Hitzaren profesionalei delitu terrorista egotzi zieten. Marian Botsford Fraserrekin batera guk ere aldarrikatu nahi dugu «hitzak delitu gisa ikusteko ohitura geldiarazi» behar dugula, eta Teresaren errugabetasuna aldarrikatu.
Teresa Toda Brasilen jaio zen 1950ean eta diplomatikoaren familiakoa izanik, Ipar eta Hego Amerikan bizi izan zen, baita Ingalaterran ere, kazetaritza ikasketak egiten hasi zen arte. Lehen unetik jardun izan zuen adierazpen askatasunaren aldeko mugimenduetan, eta talde antifrankistetan jarduteagatik kanporatu zuten unibertsitatetik. Madrilen eta Bartzelonako kazetaritzan eta sindikatugintzan hainbat urtetan jardun ondoren, «Egin» egunkariko korrespontsala izan zen Madrilen 1984. urtetik 1990era arte.
Josu Muguruzaren hilketaren lekukoa izan zen Madrilen, eta orduan etorri zen Euskal Herrira «Egin» egunkarian lan egitera, eta bertan euskaldundu zen. «Egin»eko zuzendariordea izateagatik epaitu eta kartzelatu zuten 18/98 deituriko makroepaiketan.
Azaroaren 15ean urtero eta mundu osoan egiten da Idazle Espetxeratuaren aldeko Nazioarteko Eguna (DOIW, Day of the Imprisoned Writer). PENeko 146 taldeak plazara ateratzen dira ehun estatutan idazle presoen eta jazarrien aldeko aldarria egitera.
Aurten 50 urte bete dira WIPC Idazle Kartzelatuen aldeko Batzordea sortu zenetik eta urte osoan dozenaka ekitaldi burutu dira munduan zehar. 2010eko azaroaren 15ean Nazioarteko PENek bereziki gogoratu nahi ditu urte honetan erailak izan diren 41 idazle eta kazetariak, ahaztu gabe WIPC batzordeak milatik gora kasu dituela aztertuta munduko lurralde guztietan adierazpen askatasunaren urratzeagatik, horien artean aurtengo Bakearen Nobel saridun Liu Xiaobo-ren eta Teresa Todaren kasuak.
Eta Euskal PENek ere, azaroaren 15 honen harira, ozen, indarrez eta amorruz adierazi nahi du ez duela onartzen hitza delitu izatea, hitza kartzelaz zigortzea, edo hitza debekatua izatea. Are gutxiago, bere burua demokratatzat duen estatu batean.