GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Lohizune

Donibane Lohizuneko saioa kemen eredua da, horrelako bertso mailak indar handia dagoela erakusten du, elkartasunaren garraren lekuko dugu, zein urrun hel gaitezkeen ikusi dugu

Hau saioa Odei! Berriz ere Urruñako herria ederki ordezkatua izan da. Zuk eta sustraik Urruñan bertsogintza errotua dela erakutsi duzue gure herritar guztien pozerako.

Poza! Nonbaitetik atera beharko dute aste honetan epaituak izanen diren Peio eta Lurdes gure herritarrek. Hilabetea pasa beharko du Lurdesek Parisen, gastu guztiak bere gain, sekulakoak eta bi entzuteko, senarrak torturapean egindako adierazpenak entzuten. Beste auzi erraldoia hasiko baita astelehen honetan, injustiziaren aurrean, Frantziak erabakiak dituen zigorren jasatera.

Hogeita bost egun. Hogeita bost egun gose greban alabaren ezagutzeko. Muturreraino eramaten dute zinismoa eta krudeltasuna, ez baita ekintza makala lau pertsona horretara eramatea frantses presondegien hipokrisiagatik. Justizia merkea dabil epaitegietan, prezio garestia ezartzen zaio horren atzaparretan erortzen denari. Zigor gehigarriak erortzen zaizkie etengabe, aukera guztiak baliatzen dituzte. Ez dute beste biderik haien jarlekuak atxikitzeko.

Jarlekuak. Hori baita helburua, boterean gelditzeko jarlekua atxikitzea. Horrela dago egoera Frantzian. Presidentea postura txarrean dago, gobernuaren aldatzeko garaia heldu zaio. Baina zailtasunen artean, lehen ministroa baizik ez du aurkitu lehen ministro gisa izendatzeko. Bosgarren errepublika osoan ez zen behin ere horrelakorik gertatu. Inkestetan presidenteak berak baino emaitza hobeak ateratzen dituen Fillon jauna izendatua da berriz ere Matignon okupatzeko. Ondorioa, berrikuntzarik ez frantses politikan. AHTren aldeko politika, Euskal Instituziorik eza, ezagutzarik eza, eta noski euskararentzat ofizialtasunik eza. Ez dago sorpresarik. Fillonen politika baita zerga gehiago, gastu publiko gutxiago. Hori ez dute aldatuko. Ondoko hilabetako helburua Sarkozyrentzat ondoko hauteskundeen prestatzea baita, horretan arituko da presidentea, lehen ministroa estatuko lanez arduratuko den bitartean.

«Balladur erreforma» mahai gainean jarriko digute berriz ere, nahiz eta kritika asko jaso eskuineko hautetsien aldetik. Ondoko hauteskundeak dituzte buruan eta estatua arramoldatuz, barrutiak egokituz, eskuinari eskaini nahi dizkiote ondoko urteetako garaipenak. Horretan ez dugu tokirik, ez gara kabitzen. Marko horretan desagertzera goaz.

Horregatik, bertso saioan ikusi dugun bezala, Xabier Itzainak gogoratu digun gisan, erein egin behar dugu, erein, lore berrien sortzeko, gure eremuaren hedatzeko. Xiberoa heldu da bertso saiora, horrela, ildoak jorratuz, eutsiz, horrela dira bideak egiten.

Frantses politikak bide guztiak mozten dizkigu, ez dizkigu guri bakarrik hesten, gaurko gobernua mundu txiki baten alde, pribilegiatuen alde ari baita.

Haatik, hau dugu parean eta horrekin egin beharko dugu eta hori borrokatu. Donibane Lohizuneko saioa kemen eredua da, horrelako bertso mailak indar handia dagoela erakusten baitu, bertsolarien arteko loturak elkartasunaren garraren lekuko ditugu eta helburua argi dagoelarik zein urrun hel gaitezkeen ikusi dugu.

Beste eremuetan ere, erein, kemena zaindu, eta helburuak argitu, ez da panorama erraza ipar Euskal Herri honetan...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo