GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Karakorum Jarduera

Nahiz eta blai ibili, saio ederra K7 West-en

San Petersburgoko (Errusia) eskalada taldeko kide Oleg Koltunov eta Vjatxeslav Ivanovek 1.300 metroko bide berria zabaldu dute seimilakoaren hego-ekialdeko paretan. Hori bai, ez zuten gailurrik egin.

p042_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Charakusako bailara (Karakorum, Pakistan) «jolas-eremu» ederra da oso pareta alpinoetan jarduten duten eskalatzaileentzat. Aitortu beharra dago bailara horretan dauden horma handiek badutela sarean erortzeko pozoi berezirik. Izan ere, hango paretetatik munduko egungo espezialista entzutetsuenak pasa dira. K7 West-en, adibidez, Prezelj, House, Anderson, Larcher, Orlandi, Favresse anaiak eta enparauak han izan dira. Beno, zehatzago esanda, bideak zabaltzen jardun dute.

Aurtengo udako denboraldian ere, jakina, 6.858 metro dituen mendi horrek hainbat bisita jaso ditu. Bertaratu diren talde ezberdinek aukera izan dute eskalatzeko eta bide berriak zabaltzeko. Hori bai, inork ez du gailurra zapaldu.

Horien artean dira San Petesburgotik (Errusia) abiatutako eskalatzaile batzuk. Hango eskalada taldeko Oleg Koltunov eta Vjatxeslav Ivanovek, adibidez, marra berria sortu zuten K7 West-eko hego-ekialdeko horman. 1.300 metro zabaldu ahal izateko, 11 egun behar izan zituzten. Hala ere, mendiaren goi aldean aurkitu zituzten baldintzen eta eguraldi gaiztoaren ondorioz, ezin izan zuten gailurreraino iritsi. Hain zuzen ere, 6.300 metrora buelta erdia hartu zuten.

Euria eta euria

Errusiarrek baieztatu duten bezala, eskalada osoko protagonista nagusia euria izan zen: «Aitortu behar dugu benetako protagonista euria izan zela. Euri asko behar izan genuen jasan. Euria eta euria. Eta, horretaz gain, hezetasun handia. Paretaren hainbat zati erabat blai zeuden. Lasai asko esan genezake etengabeko dutxa batean sartuta geundela».

Kanpaleku nagusia altxatu, eta jarraian ukitu edo eskalatu gabeko pareta bat aztertu zuten. Arestian esan dugun bezala, mendiaren hego-ekialdean. Eskalatzaileek esan dutenez, bide logiko, samurra eta segurua hautatu zuten.

Zabaldu duten bideari buruz, berriz, honakoa gehitu dute: «Bideak hiru zati ditu. Lehena edo behealdea nahiko leuna da eta artesi fin bat du. Elurrezko plataforma batera heltzen zara. Bigarrenak, berriz, artesi zabalak ditu. Tarte hori ez da hain zaila eta eskalada askerako oso aproposa. Eta, hirugarrena, tximinia handi bat da; hor kokatzen da bidearen giltza».

Pareta bertikala amaitu, eta gailurrera iristen den ertz oso nahasi bat aurretik zuten. Eguraldiak txarrera egin zuen (elurra, haizea eta ikuspen txarra), eta eskalatzaileek, 6.300 metrora zirela, buelta erdia ematea erabaki zuten. Hots, tontorrik egin gabe geratu ziren. Zailtasun teknikoei dagokienez, ez dute berri zehatzik eman.

k7 west

Azken urteotan mendi honek dituen paretak oso ezagunak egin dira. Dagoeneko hainbat bide zabaldu dira. Joan den denboraldian, berriz, bi saio izan dira; horietako bat errusiar talde batena.

bide berria

Koltunovek eta Ivanovek 1.300 metro dituen marra berria sortu dute mendiaren hego-ekialdeko aurpegian. Eskalatzaileek benetako protagonista euria izan dela esan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo