GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Surfa eta drogak, bidaiatzeko bi modu

Surfa eta bidaia, zentzu guztietan, eskutik joan izan dira. Hona hemen surf mundua eta drogak lotu zituen zenbait gertakari.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Surfa eta bidaia eskutik joan dira azken 50 urteetan. Olaturik onena aurkitu nahiak milaka eta milaka surflari mugitu izan ditu batetik bestera, baina surflariaren bidaiatu beharra aitzakia ere izan da diru erraza irabazi nahi izateko.

Surfak badu muturrak non diren frogatzeko erronkarako joera, «pushing to the limit» ezaguna, eta jarrera hau bizitzako beste eremu guztietara zabal daiteke. Horrela, muturreko egoeratan jardunda, ez da harritzekoa surflari askok drogekin ere erronkan jardun eta galtzea.

Psikcodelia, AEBetan

60ko hamarkadan AEBetan surf mugimendua zen gainerakoentzako eredu eta mugimendu berrien aitzindari. Vietnamgo gerraren gordina azaleratzearekin batera, indarra hartu zuten mugimendu bakezale eta aurrerakoiek. Mutur batetik bestera, batzuek balio kontserbadoreenak irizpide zituzten bitartean, beste batzuek balio horiexek ukatu eta horietatik askatzeko nahia agertzen zuten.

AEBetan sekulako iraultza gertatzen ari zen zentzu horretan. Edozein izenondoz lagunduta aurkezten zen askatasuna: Askatasun sexuala, adierazpen askatasuna, askatasun espirituala eta abar.

Testuinguru horretan, espirituaren askatasunaren bila, surfa eta honek berarekin zekarren «kultura» egokiak ziren. Surfak askatasuna esan nahi zuen eta hondartzak inoren jabetzako eremu ziren. Hondartzetako sutondoetan ohikoak ziren marihuana porroak eta pixkanaka beste droga asko ere ohiko bihurtu ziren. Surflariek fama txarreko motozaleekin eta gizarteko beste zenbait talde bazterturekin bat egin zuten, hondartzan, agintarien zelata begiradetatik urrun. Hondarretan legediaz trufatzen ziren, debeku kartelak tiro egiteko erdigune ezin hobea ziren eta polizia ez zen inguru haietan agertu ere egiten.

Mugaren hegoaldean beti izan zuten nahi adina marihuana, eta merke, gainera. 60ko hamarkadako iraultza psikodelikoarekin eta 70eko hamarkada hasierako surf espiritualaren indartzearekin, ordea, batek baino gehiagok ikusi zuen diru apur bat irabazteko momentu egokia zela. Argiaren Anaiartea izena hartu zuen surflari talde batek antolatu zuen lehenetariko droga trafiko operazioa, Kalifornia oinarri hartuta. LSD purua, marihuana eta beste zenbait droga psikodeliko txertatu zituzten surf mugimenduan. Surflarien bidaiak aitzakia ezin hobea ziren droga garraiatuz bidaia ordaindu eta dirua irabazteko.

Afganistán-AEB

60ko hamarkadan izan zen olatu handietako surflaririk onenetako batek eta bere neska lagunak egindako bidaietako bat kontatzen du Phil Jarratek «Mr Sunset» liburuan (1997). Ez du bere lagunaren izenik eman nahi, baina honela dio.

«Surflari famatua, lehen saioan, bere neska lagunarekin abiatu zen, ezkonberri plantak egiten. Lehen klaseko eserlekuetan joan ziren Alemaniara hegazkinez. Han Mercedes bikain bat erosi, eta Afganistanera joan ziren, errepidez ahal izan zuten bitartean eta ferryan itsasoa zeharkatzeko. Kabulen hotel garestiena aukeratu zuten gaua igarotzeko eta bertako garajean utzi zuten autoa. Gauean, luxuzko afaria egiten ari ziren bitartean, norbaitek autoa tailer batera eraman eta han karrozeria desmuntatu ostean, autoaren erraiak haxixez eta olioz bete zituzten. Jarraian, karrozeria muntatu, kanpoaldea leundu, margotu eta berriz ere berria balitz bezala utzi zuten garajean egunsentirako.

Hurrengo egunean `ezkonberriek' autoa hartu eta bidaiatzen jarraitu zuten bost izarretako hoteletan geldiuneak eginaz. Karatxi-ra iristean autoa Kaliforniara zihoan itsasontzi batean utzi zuten. Taxi bat hartu, aireportura joan, eta handik lehen klaseko eserlekuetan itzuli ziren etxera. Gero zetorren pauso arriskutsuena; Long Beachera zihoan itsasontziaren zain egon eta aduanara joan behar zuten autoa jasotzera. Han jakingo zuten operazioa ongi atera zitzaien ala ez. Arrakasta izan zuen. Hortik aurrera askotan errepikatu zuten jarduera modua izan zen».

Phil Jarratek, bere liburuan, Jeff Hakman surflari profesionalaren bizipenak ere kontatzen ditu. Psikodeliak arrakasta itzela zuen garaietan Plastic Fantastic taulak oso ezagunak ziren. Taula hauekin lan egiten zuen jendeak Mexikotik haxixa garraiatu ohi zuen taulen barnean ezkutatuta. Hakman ere horretan aritu zen. Lehen aldian taula baten zirrikitu batetik haxix olioa zeriola iragan zuen muga, baina polizia ez zen konturatu. Pare bat bidaia gehiago ere egin zituen, harrapatu zuten arte. Kartzelan denboraldi bat egin ostean heroinaren atzaparretan erori zen.

Jeff Hakman 1965etik 1975era bitartean txapelketetan emaitza onenak bildu zituen surflaria izan zen. 1965ean Duke munduko txapelketa irabazi zuenetik, 1976an Australian Bells Beach txapelketa irabazi zuen arte, emaitza onak bata bestearen atzetik zakuratu zituen. Azken txapelketa hura gainera heroina injekzio baten eraginpean zegoela irabazi zuen. Gauza harrigarria, heroina hartzeak sortzen duen logura kontuan hartzen bada. Bali uhartean heroina dastatu zuenetik, opioaren eratorri horrekiko loturak arazo ugari ekarri zizkion. Heroinarekiko zaletasuna utzita, ordea, surfeko arropa eta taulekin hainbat enpresa eratu eta arrakasta izan zuen.

70eko hamarkada erdialdera droga trafikoak gora egin zuen Hawaiin. Perutik kokainaz betetako taulak eramaten ziren Hawaiira, eta handik Kaliforniara bidaltzen ziren. Vietnametik bueltan zetozen soldaduek eta oporretatik bueltan zetozen surflariek Thailandiako marihuana garraiatzen zuten irlara. Hawaiiko irlan marihuana, opioa eta heroina aspaldidanik hartzen ziren, baina 70eko hamarkadan, Hakman bezala, beste surflari asko ere aferan leporaino sartuta zeuden.

Gainbehera

Surf munduan eragin handia izan zuen drogen aferak. Garai hartako surflaririk onena, esaterako, Mike Peterson australiarra, heroinaren atzaparretan harrapatuta surf mundutik desagertu zen. Baita Ron Stone, «Surfer» aldizkariko argazkilari famatua ere.

Rick Rasmussen hawaiiarra, Balin surf egin zuen lehen surflarietako bat, Harlemeko bazter batean hil zuten, heroina bila zebilela izandako tiroketa batean. Noizean behin trafikatzen zuten surflariek sare antolatuekin topo egin zuten eta gertakariak bata bestearen atzetik jazotzen ziren Hawaiin. Gau batean, North Shoreko kostaldean, itzelezko makilakadak jaso zituen surflari batek. Jarraian aulki bati lotu eta pistola batekin mehatxatzen zuten bitartean erasotzaile bakoitzak banan-banan bortxatu zuen bere neska laguna.

Hawaii garai bateko paradisu itxura galtzen ari zen eta surfaren ordura arteko ospe onak ere gainbehera egin zuen. Jende bat, nazkatuta, beste leku batzuetan surf egiteko aukerak aztertzen hasi zen, eta Hawaiiz eta Kaliforniaz aparte munduan milaka leku on bazirela ohartu ziren.

70eko hamarkadako urte ilun haiek atzean geratu ziren, baina itzala utzi dute eta, orduz geroztik, behin eta berriz jazo dira surflariak drogekin lotu izan dituzten gertaerak.

droga trafikoa

Argiaren Anaiartea izena hartu zuen surflari talde batek antolatu zuen lehenetariko droga- trafiko operazioa, Kalifornia oinarri hartuta. LSD purua, marihuana eta beste zenbait droga psikodeliko txertatu zituzten surf mugimenduan.

HAXIXA TAULETAN Psikodeliak arrakasta zuen garaietan, Plastic Fantastic taulak egiten zituztenek Mexikotik haxixa garraiatu ohi zuten taulen barnean ezkutatuta. Jeff Hakman munduko surflari onenetakoa ere horretan jardun zen, harrapatu zuten arte.

hawaii

Perutik kokainaz betetako taulak eramaten ziren Hawaiira eta handik Kaliforniara bidaltzen ziren. Vietnametik bueltan zetozen soldaduek eta oporretatik bueltan zetozen surflariek Thailandiako marihuana garraiatzen zuten irlara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo