GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Sakoneko afera estaltzeko, morboa

Baina lotura hori, drogak eta surfaren artekoa, ohiko gauza balitz bezala aurkeztu izan da, eta hori ez da horrela. Ez da bidezkoa eta, gainera, ez da egia.

Surflari ernegatua

Andy Irons surflari profesionala hilda aurkitu zuten Dallasko hotel batean. Mundu osoan izan du oihartzuna albisteak. Trataera, ordea, desberdina da herrialde bakoitzaren kulturaren arabera. Gurean, albisteak egiaztatu gabe aurkeztera ohituta daudenak kazetari ikuspegitik zuzen jokatzen saiatu dira, baina ez dute helburua lortu, ohiturak ez baitira egun batetik bestera aldatzen.

Pertsona famatu bat droga kontuengatik edo heriotza bortitz baten ondorioz hiltzea beste edozein heriotza mota baino interesgarriagoa da ikusleen begietara. Baina, zergatik bilatu bosgarren hanka mahaiari? Heriotza morbosoak nahi adina dira, ez dago zertan gertaera bat desitxuratu.

Ronnie Burns, esaterako, Hawaiiko muino batean hilda aurkitu zutenean, zenbaitek droga kontuekin lotu zuen bere heriotza. Forentseak autopsiaren emaitzak oso garbiak zirela eta Ronnie biriketako gaitz bategatik hil zela esan zuenean, ordea, ez zuen inork entzun. Eta, egun, edozein surflariri galdetuz gero, Ronnie droga kontuengatik hil zutela erantzungo dizu. Ronnie parrandazalea izan zitekeen, deabrua, drogazalea, gaizkilea, hiltzailea, eta auskalo zer gehiago. Baina gaitz bategatik hil zen, ez dago benetako gertaera desitxuratu beharrik.

Zoritxarrez, egiaz drogekin eta kontu ilunekin lotutako surflari famatuen heriotzak izan dira eta ez dute hainbesteko oihartzunik izan. Zergatik? Egiaz gertatutakoa denean datu bat delako, gauza serioa delako, eta horrek, atzean, hildako pertsona horren heriotzaz haratago, gizarte eredu baten porrota agerian utz dezakeelako.

Hiesak eraman zuen lagun batek esaten zidan 1982an, Munduko Futbol Txapelketa zela-eta, Estatuak eta narkotrafikatzaile sare boteretsuek Espainian heroina eta beste zenbait droga sartzeko profitatu zutela. Laguna eskubaloi jokalari aparta zen eta heroinaren atzaparretan erori zen. Bera bezala, inguruan, gazte mordoak jasan zuen esperientzia bera. Asko kirolariak ziren, eta bera bezala, asko hil egin ziren. Bere belaunaldian sekulako sarraskia izan zela ikusi genuenok badakigu. Ikusi ez zutenek ez dute horren berri izango. Inongo historia liburuetan agertuko ez diren datuak dira. Gehienez urte horretan Maradona Espainian kokaina kontsumitzen hasi zela aipatuko du norbaitek. Egiazko datuek ez dute arrakastarik. Estali egiten dira. Datuak egiazkoak direnean, arriskutsuak dira.

Marvin Foster. 2010eko maiatzaren 19an aurkitu zuten bere etxeko logelan hilda. Bere buruaz beste egin zuen. Urkatuta hil zen, 49 urterekin. Waimean olatua ezker alderantz hartzen lehenengoa izan zela dio Rusty Keaulana bere lagun eta surflari ezagunak. Aspalditik zeukan drogekiko menpekotasuna eta ondorioz arazo asko izan zituen. Hawaiiko hamar gaizkile bilatuenen artean izan zen Foster. 1993an atxilotu zuten eta 18 hilabete egin zituen kartzelan, soinean legez kanpoko armak zeramatzala atzeman baitzuten. Lehorrean zeukan fama txarra eta uretan zeukana arras desberdinak ziren. Surflari gisa oso errespetatua izan zen beti, 70eko eta 80ko hamarkadetan puntako surflaria izan baitzen. Hau, egiazko datua da. Ez du oihartzunik izan, ezta izango ere.

Adibideak nahi adina jar daitezke. Tarteka albisteren bat zabaltzen da, kontu handiz, sakoneko afera ez ikusteko moduan.

Surf munduak drogekin izan duen lotura beste zenbait kirolek izan dutena baino agerikoagoa izan dela egia izan daiteke. Agian, kirol honen izaera askeak eta bidaiatzeko joerak ere zenbait gertaera gauzatzea ahalbidetu du. Baina lotura hori, drogak eta surfaren artekoa, ohiko gauza balitz bezala aurkeztu izan da, eta hori ez da horrela. Ez da bidezkoa eta, gainera, ez da egia. Bestela ez lirateke drogatzen diren surflarien gertaerak albiste izango, drogatzen ez direnenak baizik. Eta, batez ere, egia balitz, egia izan zen garaietan bezala (izan zelako), orain bozgorailuekin txorakeriak lau haizetara zabaltzen ari diren horiexek, isil-isilik egongo lirateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo