GARA > Idatzia > Euskal Herria

18/98 epaiketan ezin, eta gaur epaituko dituzte Sanchez eta Hernandez

«Ekineko kide izatea» egotzita hamabost urteko zigor eskaera egin du fiskalak Pello Sanchez eta Unai Hernandezen aurka. 18/98 makrosumarioaren barruan epaitzekoak zituzten baina lehena preso zegoen, eta Hernandez Baionan bizi zen. Sanchez bihotzeko gaitz larriak jota dago.

GARA

Pello Sanchez, gaitz larri bat dela-eta baldintzapeko askatasu-nean den iruindarra, eta Unai Hernandez santurtziarra gaur eta bihar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, «Ekineko kide izatea» egotzita. Bi euskal herritarrak 18/98 makrosumarioaren barruan epaitzekoak zituzten, baina garai horretan, Sanchez espetxeratuta zuten Estatu frantsesean, eta Hernandez, Ipar Euskal Herrian bizi zen.

Fiskaltzak hamabost urteko espetxe zigorra eskatzen du bi herritarren aurka.

18/98 makrosumarioaren hastapenean «Ekineko kide izatea» egozten zieten horien aurka ere hamabost urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak. Epaiketak aurrera egin ahala, bederatzi urteko zigor eskaera egin zuen, «ETAko kide izatea» egotzita. Epaitegi Gorenak ordea, kasu gehienetan, zazpi urte eta sei hilabetetara murriztu zuen zigorra.

Bihotzeko gaixotasunak

Bihotzeko gaixotasun larriak jota dago Pello Sanchez iruindarra eta arrazoi horregatik utzi zuen aske Pariseko Apelazio Auzitegiak 2008ko abenduan.

2005eko martxoaren 30ean izan zen atxilotua Sanchez eta hiru urte baino gehiago eman zituen behin-behineko egoeran preso, lehendabizi La Sante espetxean eta, ondoren, Fresnesko kartzelako ospitalean.

Sortzetiko aortako balbula bikuspidea du, aortako lesio bikoitza, eta erreakzio azpibalbular hipertrofikoa. Sanchezi aortako aneurisma apur dakioke eta arritmia gaiztoa jasateko arriskua du, bat-batean hiltzeko arriskua izateaz gain.

Hernandez berez bizkaitarra bada ere, Baionan bizi zen 2005az geroztik. Estatu espainolak euroagindua eskatu zuen, eta ondorioz Polizia frantsesak atxilotu egin zuen 2008ko otsailean. Polizia-etxean ordu batzuk eman ondotik aske gelditu zen, eta euroaginduaren prozedura gauzatu bitartean, uztaila bitartean, kalean egoteko beta izan zuen.

Estatu espainolera entregatu zutenean, preso hartu zuten, ordea. Iazko apirilean gelditu zen aske, bere senideek 30.000 euroko fidantza ordaindu ostean.

baldintzapean

Behin-behineko egoeran hiru urte eman ditu preso Sanchezek Estatu frantsesean baina jasaten duen gaixotasuna dela eta baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen 2008ko abenduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo