Segurtasun indarren torturak salatu dituzte aske geratutako sahararrek
Codesa Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen aldeko Taldeak, Marokoko segurtasun indarrek Aaiungo Agdaim Izik kanpalekua indarra erabiliz desegin ondorengo errepresioan tortura erabili zutela salatu du, atzo plazaratutako agiri baten bitartez.
GARA |
Aminetu Haidar ekintzaileak zuzentzen duen Codesa taldeak azken egunotan aske utzi dituzte hiru pertsonen izen-abizenak aipatzen ditu bere idatzian.
Horiek atxilotu egin zituzten Marokoko segurtasun indarrek eta dagoeneko aske daude. Horien eskuetan egon diren egunetan torturatu egin dituztela salatu dute. «Aske utzi dituzten gehienek salatu dute tratu txarrak, torturak, irainak eta beste jarduera umiliagarriak jasan dituztela Aaiungo Poliziaren komisarian atxilotuta izan dituzten bitartean», dio agiriak.
Bestalde, Aaiunen gaur egun bizi den egoera aipatzen du agiriak, hiriburuko kaleetan gauzak ez direla bere onera itzuli nabarmenduz. «Auzoetan sarekadak egiten jarraitzen dute segurtasun indarrek eta beren laguntza duten kolonoek, gauza asko lapurtzen dituzte, beste asko erre eta suntsitu, dendatan eta autoetan lapurretak egin, eta abar».
Antolatzaileen bila
El Laili Layla giza eskubideen aldeko ekintzailea azaroaren 9an atxilotu zuten, kanpalekua desegin eta hurrengo egunean. Bera eraman zuten poliziakideak kalekoz jantzita zeuden. Kanpalekua antolatu zuen batzordearekin berak zuen harremanari buruzko galderak egin zizkioten. «Hogeita lau ordutan jipoitu egin zuten, txistua bota zioten, iraindu egin zuten, berriz aske utzi aurretik», salatu du Codesa taldeak. El Laili Laylarekin batera, beste berrogeita hamar emakume askatu zituzten marokoarrek, guztiak kanpalekuan atxilotutakoak.
Hamza Chuwafek 14 urte besterik ez ditu. Azaroaren 8an eraman zuten Aaiungo etxetik kalekoz jantzita zeuden agenteek. Polizia Judizialaren bulegoetan torturatu ondoren, hilaren 10eko gauean utzi zuten aske. «Torturak utzitako markak ikusten zitzaizkion gorputzean, batez ere ahoan, buruan eta zangoetan, zigarroekin erretako lekuetan. Tresna ebakitzaile zorrotz batekin zauriak egin zizkioten bazter guztietan», salatu dute Codesakoek, senideen lekukotasunean oinarrituta.
28 urteko beste saharar bat hilaren 9an harrapatu zuten agenteek, bere etxetik irtetean. Etxekoek ez zuten jakin atxilotua izan zela, hurrengo egunean aske geratu arte. Marka ugari zituen gorputzean eta hitz egiteko eta zutik egoteko ere arazoak zituen gazteak.
Codesak egin duen salaketaren arabera, giza eskubideen aldeko mugimenduan lanean ari direnen aurkako operazioak dira gogorrenak. Brahim Ismaili eraman zutenean, esaterako, dozenaka agentek etxeko guztiak mehatxatu zituzten.
Asteburuan makina bat mobilizazio egin da munduan, saharar herriarekin bat egiteko eta Marokoren jarrera salatzeko. Euskal Herriari dagokionez, larunbatean 40 lagun elkartu ziren Garesen, eta atzo 50, Mañerun.