GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

ZIKLO-KROSA Espainiako Kopa

Larrinagak horiz hasi du bere hirugarren Koparen konkista

Urtarrilean Espainiako Txapelketa jokatuko den zirkuitu berean nagusi izan zen arabarra, hiru itzuliren faltan erritmoa bizitu eta bakarrik iristea lortu eta gero.

p034_f01_97x76.jpg

GARA | VILLARALBO

Espainiako Kopako aurreneko jertse horia jantzi zuen Javier Ruiz de Larrinagak Villaralbon (Zamora) jokatutako estreinako proban nagusi izan eta gero. Azken bi urteetako txapeldunak ederki aprobetxatu zuen hiru itzuliren faltan jotako erasoa eta helmugara bakarrik iritsi zen hamar segundoko errentarekin. Cantabria infinita-BH taldeko Isaac Suarez izan zen bigarren eta Hirumeteko Egoitz Murgoitio hirugarren.

Azken bi horiek, Mauro Gonzalezekin batera, estu hartu zuten arabarra probaren aurreneko zatian, uneoro buruan Murgoitio tiraka ari zela. Lasterketa, baina, azken itzulietan erabaki zen beste behin ere. Askotan egin ohi duen bezala, MMR-Lizartekoak erritmoa bizkortu eta aurkariak atzean ustea lortu zuen, azken itzulian bakar-bakarrik gelditzeraino. Suarez eta Murgoitio saiatu ziren lasterketaren azkan txanpara aukerekin iristen baina azkenean amore eman behar izan zuten arabarraren aurrean.

Ametzagakoak denboraldiko bosgarren garaipena du honakoa -San Juan de La Arena, Valladolid, Ramales, Ermua eta Villaralbo-, eta sasoi ezin hobean dagoela erakusteaz gain, urtarrilean Espainiako txapelketa nagusia jokatuko den zirkuituan bertan erakustaldia ematea lortu zuen atzo. Egungo txapeldunak alde horretatik ez zion garrantzi gehiegirik eman nahi izan, ordea. «Gaurkoa Kopako proba zen, eta urtarrilean etorriko da txapelketa. Nahiz eta zirkuitu bera izan, lasterketa ezberdinak izango dira. Gaur [atzo], ez dugu aparteko eragozpenik izan, euri ezaren ondorioz lehorra egon baita lurra. Lasai nago, momentuz, aurreikusitakoa ondo doalako», adierazi zuen garaipena eskuratu ostean.

Asteburu erabakigarria

Liderraren jertse horia jantzi ostean, txapelketa eskuratzeko kasik hil ala bizikoa izango den asteari egin beharko dio aurre arabarrak; izan ere, lau probaz osatutako Espainiako Koparen bigarren eta hirugarren jardunaldiak Padronen eta Navian ospatuko dira datorren larunbat eta igandean, hurrenez hurren.

Hala ere, MMR-Lizarte taldeko txirrindularia lasai dago funtsezkoak izango diren bi proba horien aurrean. «Konfiantza osoz ekingo diot entrenatzeko geratzen zaidan aste honi, eta momentuz lasai nago, nahiz eta datozen zirkuituak dezente exijenteagoak izango diren. Zerbait gogorragoak, bustita egongo baitira», azaldu zuen Ametzagako txirrindulariak probaren amaieran.

«Badakigu Naviako zirkuitua nolakoa den, belarra eta hondartza dituen gune horiekin, eta Padronekoak, berriz, lasterketa berria izan arren, ziur gaude zailtasun handiak izango dituela», jakinarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo