Rallya
Denboraldiko nagusitasun berberaz eman dio amaiera aurtengo txapelketari Loebek
GARA | CARDIFF
Sebastien Loeb gidari frantziarrak beste garaipen batekin eman dio bukaera aurtengo rally txapelketari. Citroen etxeko txapeldunak denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu zuen Britainia Handian korritutako azken lasterketan Petter Solbergekin lehia estua izan eta gero, nahiz eta probaren azken egunean ez zuen aparteko zailtasunik izan.
Errekorrak apurtzera ohituta dagoen gidariak bere ibilbideko 62. garaipena erdietsi zuen eta erakustaldi berri horri esker ederki borobildu zuen aurten erreskadan lortutako zazpigarren titulu txapelketa. 2004. urteaz geroztik jaun eta jabe izan da frantziarra rally munduan.
Denboraldiko azken probako hirugarren posturako lehian, azkenean, Ford etxeko Jari-Matti Latvala finlandiarra izan zen nagusi, taldekide izan duen Mikko Hirvonen hogei segundoko aldeaz gainditu ostean. Emaitza honekin, munduko txapeldunorde berria da Latvala gidaria.
Atzo arte bigarren postuan zen Sebastien Ogier sailkapeneko laugarren postura jaitsi zen aurreneko egunean proba laga ostean.