Harri-jasotzea Harri Handien Txapelketa
Aimar Irigoienek ez du aurkaririk
Errezildarrak aise bereganatu zuen txapela. Joseba Ostolatzak apur bat estutu zuen harririk handienarekin, baina gainerako hiru harriekin alde nabarmena kendu zion Aimarrek zestoarrari ere, eta amaieran oso erraz eutsi zion Euskal Herriko txapelari.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoienek ez zuen hutsik egin, eta aise irabazi zuen atzo Aldatzen jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien txapela. Joseba Ostolatza zuen aurkari nagusia, eta zestoarrak lehen harriarekin bakarrik estutu ahal izan zuen, hortik aitzinera errezildarra jaun eta jabe izan baitzen.
Kirolari bakoitzak 200 kiloko harri errektangularra, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125 kiloko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten.
Lehiarik handiena 200eko errektangularrarekin izan zen. Aimarrek zazpi aldiz jaso zuen, baita Ostolatzak ere, eta lehen harriaren ostean, parean ziren errezildarra eta zestoarra. Lertxundik, berriz, hiru aldiz jaso zuen harria, eta behin Telleria II.ak.
Ondoren heldu zen zilindroaren txanda, eta hor erabakita utzi zuen Aimarrek txapela. Lehenengoaren ostean gauzak estu baldin bazeuden, bigarrengoarekin dena argituta geratu zen. Hamasei aldiz jaso zuen txapeldunak, eta hamaika aldiz Ostolatzak. Beraz, eta bi harri falta arren, ia dena erabakita zegoen, izan ere, errezildarrari zerbait gertatu ezean, oso zaila ematen zuen txapelak lehen zegoen tokitik ihes egitea.
Hortik aurrera ez zen aldaketarik izan. Lertxundik sei jasoaldi eman zizkion eta hiru Telleriak. Hirugarren harria kubikoa zen, eta Irigoienek aldeak gehitzen jarraitu zuen, eta lehendik gauzak nahikoa garbi bazeuden ere, oraindik eta argiago utzi zituen. Errezildarrak hamalau aldiz berdindu zuen kubikoa bizkarraren gainean. Ostolatzak, berriz, hamabi altxaldi eman zizkion. Atzetik, Lertxundik bigarrengoaren emaitza errepikatu zuen, sei aldiz jaso baitzuen kubikoa ere. Azkena Tellleria geratu zen, bi jasoaldirekin.
Bola bakarrik falta zen saioa burutzeko, baina ordurako dena erabakita zegoen. Azkeneko harri horrekin zerbait gertatu ezean, lau postuak finkatuta zeuden. Dena dela, Irigoienek gauzak argi utzi nahi zituen, eta azkeneko harri horrekin ere nagusi izan zen, hemeretzi aldiz berdindu baitzuen kubikoa, eta txapela beretzat zela argi eta garbi utzi zuen.
Joseba Ostolatzak hor ere bigarren egin zuen, eta lehendik zuen bigarren postua berretsi egin zuen. Hamazazpi aldiz jaso zuen bola eta bigarren postuan geratu zen. Lertxundik aurreko hiru harriekin hirugarren egin zuen, baita bolarekin ere, hamalau jasoaldi eman baitzizkion, eta pozik amaitu zuen lehiaketa.
Telleria II.ak aurreko hiru harrirekin azkena egin zuen, eta harri honekin ere bai, bost jasoaldi eman baitzizkion.
Beraz, txapelketan ez zen izan inongo ezusterik, aurretik pentsa zitezkeen postuetan amaitu baitzuten lehiaketa. Aimar Irigoien jaun eta jabe izan zen, eta une honetan berak besteei kentzen dien tartea nabarmen geratu zen berriro ere. Zenbait arazo fisiko tarteko, geldirik ere egon da, baina, hala ere, bere itxura eman zuen atzo, eta txapela oso erraz lortu zuen. Gaur egun ez du aurkaririk.
Joseba Ostolatzak ere bere lana egin zuen. Errektangularrarekin ongi egin zuen, Aimar berdindu egin zuen, baina besteetan ezin izan zion txapeldunaren erritmoari jarraitu, eta amaieran bigarren postuan amaitu zuen.
Lertxundik ere ez zuen izan egun txarra. Lan ona egin zuen, jasoaldi onak eman zituen, eta bolarekin oso marka polita egin zuen, eta berak ere gustura amaitu zuen bere lana.
Telleria II.ak egindakoak meritu izugarria dauka. Laugarren amaitu zuen, azken postuan, baina hasi aurretik berak ere bazekien hortik ihes egitea zaila izango zuela. Harri-jasotzaile oso arina da, beraz harri handien lehiaketan ateratzea bera ere bada nahikoa meritu, baina horretaz gain, oso lan ona egin zuen.
Bera asmo horrekin joan zen plazara, eta gustura etxeratzeko moduan izango zen harri-jasotzaile urnietarra, maila bikaina eman baitzuen.
Lertxundik hirugarren amaitu zuen, eta Telleria II.ak, berriz, laugarren. Bi harri-jasotzaile hauek ere lan ona egin zuten, horretara joan ziren plazara, eta azkenean, helburua beteta, biek ere nahiko gustura amaitu zituzten egitekoak.
Tubik ez zuen hutsik egin, eta berak jantzi zuen atzo Euskal Herriko lasto-altxatze Txapelketako txapela. Proba hau ikusgarria izaten da. Atletismoan, pertika jauzian, edo altuera jauzian bezala, langa bat jartzen da, eta lasto fardoa sarde batekin hartuta, haren gainetik pasarazi behar izaten dute. Kirolari bakoitzak hiru aukera izaten ditu, bestela kanporatuta geratzen da, atletismoan gertatzen den moduan. Berdinketaren kasuan hutsik gutxien egin dituenak irabazten du, baina atzo ez zen horren faltarik izan.
Tubi zen faborito nagusia, eta atzo nahikoa erraz irabazi zuen Zollon jokatu zen finala. Bizkaitarrak 6,30 metrora jarritako langa gainditzea lortu zuen, eta bera izan zen sei metroko langa gainditu zuen kirolari bakarra. Marka ona lortu zuen, beraz.
Podiumean berarekin batera Arbenoitz eta Perez izan ziren. Lapurtarrak ere lan ona egin zuen. Ez zuen sei metroko langa gainditzea lortu, baina nahikoa gertu izan zuen, 5 metro eta 90 zentimetrokoa gaindituta geratu baitzen, eta horrek bigarren postua eskuratzeko parada eman zion.
Perez izan zen podiuma osatzen hirugarrena. 5 metro eta 50 zentimetroko langa gainditu zuen berak. Beraz, lehen hiru postu hauen arteko aldeak nahikoa nabarmenak izan ziren, baina ustezko bi onenek lehen bi postuak eskuratu zituzten, eta hori baino garrantzitsuagoa dena, kirol hau indarra hartzen ari dela agerian geratu zen, izan ere, zaleak ere oso gustura ikusten duten kirol horietakoa da. J.L.