GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Iñaki Perurena, Youtube atariko jaun eta jabe

Harri-jasotzaileak Bilbovisión kateko Manu Redondo kazetariari eskainitako elkarrizketa Zuzeu atariko bideorik klikatuena izan da, 170.000 bisita baino gehiagorekin. Perurenak eta Redondok izandako tirabiraren harira, Facebook-en leitzarraren aldeko taldea sortu dute.

p051-f01_97x108.jpg

GARA | DONOSTIA

Iñaki Perurenari (Leitza, 1956) Bilbovisión kateko Manu Redondo kazetariak egindako elkarrizketa iragandako martxokoa da, baina bertan elkarri esaten dizkiotenak jasotzen duen bideoa orain egin da ezaguna. Youtuben Markos Jutsuriaga ezizena erabiltzen duen kazetariak topatu zituen irudiak eta Zuzeu.com atarian zintzilikatu zituen. Sarera iragandako asteartean igo zenetik, 170.000 bisitatik gora izan ditu, eta inoizko arrakastarik handiena izan duen bideoa bilakatu da. Gainera, zifra honi Youtube atari ezagunean izan dituen bisitak gehitu behar zaizkio, ia 144.000. Baina zer dela eta oihartzun hau?

Elkarrizketa egiteko Leitzako harri-jasotzaileak bere etxean jaso zuen kazetaria. Honek, ziztatzeko asmoz, galdera ankerrak egin zizkion bata bestearen atzetik, baina Perurena ez zen kikildu. Esaterako, «Euskalduntzat al duzu zeure burua?», galdegin zion Redondok. «Euskalduntzat eduki ez, euskalduna naiz», erantzun zion leitzarrak.

Kazetariak etsi ez eta honela jarraitu zuen: «Nafarroan bizi zara. Munduko gainerakoentzat ez zara euskalduna, nafarra zara. Eta Nafarroa dago...». Perurenak orduan, bestearen asmoak ikusita, Historia errepasoa eman zion, garai batean Euskal Herria Nafarroa zela gogoraraziz: «Utzidazu niri hitz egiten. Garai batean, euskalduna izatea nafarra izatea zen».

Kirolariaren ibilbideaz ezer gutxi zekiela erakutsi zuen Redondok, harriak jasotzen lortu dituen markak ere ondo ez baitzekizkien. «Polito geratzen da zuk zuzentzea», esan zion kazetariak Perurenari. «Politago gelditzen da ongi informatuta etortzea», Perurenaren erantzuna.

Elkarrizketaren tonua halakoa dela ikusita, ulergarria da izan duen arrakasta.

Zuzeu atarikoak ere harrituta daude izan duen zabalkundearekin. «Euskal Herrian ez ezik, Estatu espainolean ere izan omen du oihartzuna Perurenaren Historia lezioak», diote webgunean. Besteak beste, «El País»eko Delia Rodriguez kazetariaren blogean irakur daiteke aipurik (http: blogs.elpais.com/trending-topics-en irakurgai).

Facebook fenomenoa

Istorioa ez da hor amaitu, ordea. Sare sozialek gaur egun duten indarra bermatuta gelditu da; izan ere, segituan sortu zen Facebook-en «Perurenaren errepasoa Bilbovisioneko txorimaloari» orrialdea. Dagoenek0 ia 1.900 jarraitzaile ditu eta bere aldeko ehunka iruzkin irakur daitezke. «Iñaki, nahi gabe herriaren ahots bihurtu zara! Gora Iñaki!». «Kazetaria? - dio beste batek-. Ez dut uste... txorimalo hau beste zerbaitetan dabil! Euskal Belen Esteban aurkitu al dugu?».

Redondoren alde egiten duenik ere bada. Neska baten arabera, Redondo kazetariaren jarrera itxura besterik ez da, eta horrenbestez, kazetariak inozoaren plantak egiten ditu elkarrizketak egiten dituenean.

Inozoarena egiten duen edo ez, kontua da Redondok sona handia hartu duela. Perurenaren elkarrizketa aurretik ere hamaika egin ditu, besteak beste, Toquero, Aitor Ocio edota Javi Martinez futbolariei, baita La Otxoa edota Virginia Berasategi txirrindulariari ere, gehienetan galdera intimoak eginez.

Zuzeu atariak iragarri duenez, heldu da kontu honi «amaiera emateko unea». «Erabiltzaile batek emandako ideia geure egin eta `herri jasotzaile' bihurtu dugu leitzarra, sortu duen baikortasun olatuarekin. Baina ezin da urrezko arrautzen oilorik akabatu, eta ahal izan dugun guztia azalean eutsi eta gero, sarrera horri agur esateko tenorea etorri da».

Bilbovisión katea Vocento taldekoa da, eta izena aldatu berri du. Bizkaia TV da orain, La10 sarekoa. Redondok ez du jarraitzen katean, eta haren saioa duela hilabete batzuk kendu zuten programaziotik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo