GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Hedabideen eta sare sozialen bidegurutzean, jardunaldia Eibarren

GARA | DONOSTIA

Twitter komunikazioan izaten ari den eraginari buruzko jardunaldia izango da azaroaren 17an CodeSyntax enpresaren hamargarren urteurrena ospatzeko. Hitzordua 16.00etan izango da CodeSyntax-ek Eibarren duen egoitzan (Azitain industrialdea 3). Hedabide molde berriak eta Twitter bidezko komunikazioa izango dira gai nagusiak, eta Umap (Twitterren euskarazko jardun guztiaren batzailea) proiektuaren aurkezpena ere egingo dute.

Interneten euskararen erabilera bultzatzen aitzindariak izan ziren Codesyntax-ekoak. Urteurren eta Umap proiektuaren sorreraren harira, Twitter eta komunikazioa izango dira hizpide.

Hedabideen eta sare sozialen bidegurutzean jardungo dira Joxe Aranzabal (Mondragon Unibertsitateko irakaslea) eta Iban Arantzabal. Bata hedabide molde berriez arituko da, eta besteak «Twitter, komunikatzeko formatu gisa» azalduko du.

Horrez gain, Luistxo Fernandezek ere hartuko du parte, hain zuzen, Umap egitasmoa aurkezteko. Hizlari bakoitzaren solasaldiaren ostean galderetarako eta elkarrizketarako tartea egongo da. Parte hartzeko, deitu 943 82 17 80 telefonora.