Etengabeko Arreta Guneetako langileak pozik daude grebak izan duen jarraipenarekin
Osakidetzako Etengabeko Arreta Guneetako langileak pozik agertu dira asteburu honetan egindako grebak izan duen jarraipenarekin. Gutxieneko zerbitzuek eragina moteldu badute ere, larunbatean langileen %80k greba egin zutela azaldu dute, eta igandean %77k .GARA |
Osakidetzako Etengabeko Arreta Guneetako (EAG) langileak pozik agertu ziren atzo, iragarritako lehenengo bi lanuzte egunetan deialdiak izandako jarraipenagatik. Ohar batean adierazi zutenez, larunbatean eta igandean oso parte hartze ona izan zuen ekimenak. Euren esanetan, larunbatean langileen %80k parte hartu zuen greban eta igandean %77k, «gorabehera handirik gabe». Langileen iritziz, asteburu honetan grebak izandako eragina esperotakoa izan da, Lan Sailak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz emandako agindua dela-eta.
«Greba egiteko muga handiak izan ditugu, eta langileok onartu egin ditugu, badakigulako herritarren osasuna gure esku dagoela», azaldu zuten. «Berriro profesionalen ardurak ekidin du arazo handiagoak izatea, Osakidetzak malgutasun eza eta inmobilismoa baino ez du-eta erakutsi. Herritarrentzako zerbitzuan eragin zuzena duen gatazka hau konpontzeko ez dute urrats bat bera ere eman», gaineratu zuten.
ELA, Satse, SME, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek bat egin dute greba honekin, eta azaroaren 22tik 28ra arteko astean jarraituko du.
Osakidetzak izan duen jarrera gaitzetsi zuten langileek. «Oso interes gutxi agertu du negoziazio mahaia aurreratzeko». Izan ere, hurrengo lanuzteak azaroaren 22an hasiko dira eta negoziazio mahaia hilaren 24an bilduko da.
«Osakidetzako arduradunek negoziazioa deitu dute justu greba aste horren erdian», esan zuten langileek. «Oso interes gutxi erakutsi du lanuzteak baino lehen arazoak konpontzeko eta izan daitezkeen arazoak saihesteko», gaitzetsi zuten. Hala ere, gatazka ez okertzea oraindik Osakidetzaren esku dagoela uste dute, eta lehenbailehen jarrera aldatzea espero dute.
Datorren azaroaren 22an berriro lanuzteak hasiko dira, eta Osakidetzak hilaren 24an biltzekoa den negoziazio mahaia aurreratzeko asmorik ez izatea gaitzetsi zuten.