GARA > Idatzia > Kultura

«Korapiloaren bertsoan askatuaren askatuaz disfrutatzen ari nintzen»

p048_f01_234x116.jpg

Amets Arzallus

Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelduna

Jexux Arzallus bertsolariaren semea, Hendaian bizi izan da Amets txikitatik. Jaio, ordea, Donibane Lohizunen jaio zen 1983ko azaroaren 9an eta bertan eskuratu du, bigarren aldiz, Ipar Euskal Herriko bertsolari txapela.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

660 puntu bilduta eta bigarrenen sailkatutako Odei Barrosori 53 puntuko aldea aterata. Larunbatean Donibane Lohizunen ospatutako Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako finalean, Amets Arzallusen bertsoetarako erraztasunak bigarren txapela izan zuen sari.

Zer moduz ospakizunak?

Ondo, ospakizunak saioa baino seguruagoa izaten du ondo joatea. Ziburun buelta bat eman, eta afaltzera lasai etxe aldera inguratu ginen koadrilan. Goizean atzoko pozak oraindik ere irauten zuenez, ordu batzuk galduta ere esnatzeko freskura apur bat bilatzen da horrelako egunetan. Behin bukatu denean, norbera kontziente da bideak suposatu duenaz, eta nahiz eta guk plazer bat bilatzen dugun sakonean, saioak sufrimendu bat ere badu, ingurukoen sufrimendua ere bai, eta behin hori bukatzen denean, merezi du bai norberak, bai bere inguruak hori ospatzea.

Bitik bi, eta tartean, gainera, Euskal Herriko txapeldunorde.

Egia esan, nahiko hiru urte zurrunbilotsu izan ditut, nahiko azkar pasa direnak. Zaila da haizete horretatik ateratzen, distantzia pixka batekin hotz begiratzen eta norberak zer bertso bide bilatu nahi duen pentsatzen. Oraingoz oso perspektiba laburretik, azken hiru urteei oso baikorki begiratzen diet. Uste dut nire bidean mugarritxo bat izan direla, aurrera begirako bide batzuk markatu dizkidana: zein bertsokera egin nahi nukeen, zein sentimenduren inguruan nabilen eta bertsoa nola josten den sentimendu horien bueltan... Uste dut niretzat eta Iparraldearentzat ere, gehiegi izan gabe, baduela bere garrantzitxoa, baina ez hemen gelditzeko. Aurrera segitzeko perspektiban hartu behar da gertatutako guztia.

«Xalbador berria» izendatu zaituzte.

Besteetan ere esan dut eta berdin pentsatzen jarraitzen dut. Uste dut momentu horrek hitzak berez errealitatean direna baino ederragoak ateratzera eramaten duela eta ez dela guztiz horrela. Aparte, bakoitzak bere burua ordezkatzen du. Xalbador Xalbador zen, ez dago hura berdintzerik eta harekin konparatzerik. Ni nire bidea egiten ahalegintzen ari den bat besterik ez naiz. Nahiz eta jakin ez dela guztiz hala eta gezurretik pixka bat baduela, norberak ere momentu horretan gustura sinisten ditu gezur horiek.

Nola bizi zenuen finala?

Bi partetan daukat zatituta. Batetik, kartzelara joan artekoa. Hasierako tentsio, beldur ikara guztia zortziko handiko ariketa nahiko on batekin baretu zitzaidan, eta behin pixka bat bide hori urratuta, hurrengo bi ariketetarako lasaitasun bat eman zidan, eta horrek eraman ninduen kartzela bitarteko ariketak nire buruarekin nahiko gustura geldituta bukatzera. Kartzelan ordubete pasa nuen, buruari buelta emateko denbora asko, baina tentsioa galtzeko ere bai. Kartzelatik bueltan pixka bat nekezago topatu nuen nire burua. Handik aurrera buruz burukoa izan zen; eta hura izan zen sorpresagatik eta nahasmen horretan, saioaren lehenengo erdia hainbeste disfrutatu nuen bezala, bigarren erdian disfrute nekeza izan nuen, eta nahiko nahasia egin nuen. Bertso solte batzuk gelditzen zaizkit buruan satisfazio batekin, baina beste lan gehiena nahasia ikusten dut.

Kanpotik, lasai sumatzen zitzaizun, faboritoaren presiorik gabe.

Kanpotik ikusten dena gauza bat da, eta beste bat, norberak barrutik bizi duen leize nahasi hori. Itxuraren bertsoak erakusten du hori. Baina, hasieran ez nengoen bereziki lasai. Agurra kantatzean sentitu nuen korapiloa, estutasuna banekarren. Baina batez ere, zortziko handiko hasiera hark nahiko baretu ninduen. Garrantzitsua izan zen hasierako pausoa gustura gelditzeko moduan eman izana eta are gehiago Joanesekin eta atera zen bezala.

Finaleko zuberotar bakarrarekin izan zen hasiera hori.

Aski berezia izan zen niretzat ere. Joanes zen finaleko argazkian ahotsik bereziena, eta banuen ilusioa, ez nuen sekula kantatu berarekin. Duela bi urte ere arrebarekin kantatzeko ilusioa nuen, eta orduan ez zitzaidan tokatu. Lehenengo ariketatik jarri ninduen zozketak berarekin, eta uste dut poz hartatik ere atera zela gure saioa. Plazer bat izan zen bere ondoan aritzea, eta batez ere, Joanes entzutea atzetik. Berak kantatzen zuenean, entzulearen aulkian eserita bezala sentitzen nintzen eta plazer bat izan zen haren ahotsa eta euskalkia disfrutatzea.

Zuk ere egin duzu ahalegina lapurtera erabiltzeko.

Ahalegin berezia egin dut nire beste euskalkia ere baden hori ateratzeko. Ez dakit lapurtera den edo nahasia... Sustrai eta biok hamar urterekin Kanbora joaten ginen ikastera. Han, hasi Hendaiatik eta Zuberoako puntaraino, Iparraldeko gaztetxo guztiak elkartu ginen. Zazpi urtean bizi izan genuen euskalki berezi hori nire parte bat bada, eta sentitzen nuen Iparraldeko txapelketan horretan ere kantatu beharra. Gero, nik badakit nire euskalki ahalegin horretan inkoherentzia dezente egongo direla, nire etxeko euskara beste bat delako. Baina bakoitza bere familien aurreko belaunaldien bilakaeraren ondorio da, eta ni etxeko gipuzkeraren eta ikastolan bizi izan genuen giro eta euskalki guzti haien nahasketaren ondorio naiz. Horixe naturalen ateratzea da politena. Gero euskaltzainek koherentzia aldetik matxakatuko naute, baina hori da nik bizi dudan euskararen zurrunbiloa.

Kartzelako lanean azkena izan zinen, duela bi urte bezalaxe. Zein eragin izan dezake horrek?

Ez dakit. Aukeran jarriko balidate ez nuke aukeratuko hurrengorako. Berriro zortzigarren nintzen, duela bi urte denbora ikaragarri pasa genuen han, ordu eta erdi. Aurten ere ordubetetik gora eta tentsioa galtzeko arrisku handia dago. Duela bi urte agurrean bota nuen, hori probatu eta gero zer izango ote zen urte askotan hor egotea. Atzo ere sentsazioa antzekoa izan zen. Ez dauka soluzio errazik, azkenean norbaitek izan behar du zortzigarren, eta denok nahi dugu bakarka kantatu txapelketan. Baina ez da oso atsegina saioan aurrera segitzeko.

Zer sentitu zenuen buruz burukorako Odei Barrosoren izena entzutean?

Sustrairen hutsunea egin zitzaidan barruan sentimenduetan handi, eta aldi berean, Odeirengatik emozio ikaragarria. Bai Sustraik eta bai nik mutikotatik bertso-eskolan ezagutzen dugu, eta bere progresioa oso hurbiletik ikusi dugu. Eskizofrenia handi bat neukan: lagun baten hutsunearen pena eta lagun baten sorpresaren eta haren bertso bidearen poza. Kosta zitzaidan nahasmen horretatik nire bidera etortzen, eta sentsazio hori nahiko luzean eduki nuen. Ez dakit bi aldeetatik zeinetara erori, baina, kasu honetan, Odei da protagonista eta bere bideak meritu ikaragarria du. Uste dut emaitza bat dela, baina, batez ere, zer egin dezakeen erakusgarri dela eta aurrerako pista batzuk eman ditzakeela.

Buruz buru, «korapiloa» hitzari kantatutako bertsoa izan zen arratsaldeko txalotuenetakoa. Gustura gelditu zinen zu?

Bertso bakoitzak izaten du korapilo bat norberaren barrenean eta kantatzera zoazenean ez dakizuna oso ongi nola joango zaren askatzen. Batzuetan kantatu ahala, sorpresaz, uste baino joriago ateratzen zaizu askatze hori, eta besteetan, berriz, korapiloa askatzen doble korapilatzen zaizu. Bueno, hori izan zen nire bertsoetako bat, askatuaren askatuaz disfrutatzen ari nintzela konturatu nintzena, eta beharbada gehien iritsi zenetako bat. Niri ere, atzera begirako oroitzapen labur honetan, emozio beroena uzten didana da atzoko saiotik.

OINORDEKOA

«Xalbador Xalbador zen, ez dago hura berdintzerik eta harekin konparatzerik. Ni nire bidea egiten ahalegintzen ari den bat besterik ez naiz»

«Erreka fina gara izan nahi dugun itsasorako»

Lehenengo txapelketa berrikuntza izan zela esan daiteke. Nola definituko zenuke aurtengoa?

Lehenengoa beti da berezia antolakuntzarako, kantatzeko, biltzeko... Xarma berezia izaten du, historian mugarritxo bat uztera zoazela dirudi. Bigarrenean are garrantzitsuagoa da ilusio eta indar berari eustea. Atzoko eguna aurrera begirako beste pausotxo bat izan dela uste dut. Jende gehiago bildu zen, saioak ez zuen aurrekoaren inbidiarik eta, euste horretan, pixka bat harago iritsi da txapelketa.

Behin baino gehiagotan errepikatu zenuten txapelketa hau zerbait gehiago dela. Emozio hau pasatuta, orain zer?

Zerbait gehiago da, perspektiba pertsonaletik baino gehiago, perspektiba kolektibo eta politiko, linguistiko, sozialetik bizi dugulako. Iparraldean gauden egoerari begiak jarriz gero, kontzientzia hartzen duzu, lanak nekezak dira, eta oraindik nahiko erreka fina gara izan nahiko genukeen itsaso horren aldean. Atzoko poz eta euforia hori guztia oso ondo dago, baina lagundu behar du, gero, eguneroko lan iraunkor eta batzuetan neke horietan, ametsaren sinesmen pixka batekin, hizkuntz komunitatearen eta geure herriaren sormenaren biziraupenaren indar horri eusteko. A. A.

Ficha

Dirección: David Pinillos.

Intérpretes: Unax Ugalde, Nora Tschirner, Elena Irureta, Herbert Knaup, Guilio Berruti.

País: Estado español, 2010.

Duración: 95 m.

Género: Drama romántico.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo