«Zer gara gu / Nor gara gu», haurrek Euskal Herriari buruzkoak ikasteko beste joko bat
Maddalen LARRINAGA | BILBO
Euskal Herriari buruzko gaiak, edota oinarrizko jakingaiak ikastea ez da lan erraza izaten haurrentzat. Eskolan igarotako orduak pisuak izaten dira eta askotan ez da guztia bereganatzea lortzen. Ondorioz, Gotzon Barruetak metologia zahar bati jarraitzen dion joko berria aurkeztu zuen atzo Bilbon: «Zer Gara Gu / Nor Gara Gu» izeneko haurrentzako galdera-erantzunez osatutako mahai-jokoa.
«Zer Gara Gu / Nor Gara Gu» Euskal Herriko kulturari buruzkoak eta oinarrizko gaiak ezagutarazteko prestatutako galdera-erantzunen jokoa da, hainbat arlo lantzen dira, esaterako: mendia (Txindoki), ibaia (Urumea, Zadorra), sukaldaritza (bakailaoa, Arguiñano, sagardotegiak), eliza (Loiola), jaia (sanferminak), musika (Mikel Laboa). Euskara errazean idatzita dago, eta karta bakoitza galderei dagokien argazki banaz hornitua dago. Mahai-jokoak 54 kartaz osatutako lau sorta, jokatzeko taula eta sei fitxa eta dadoa ditu osagaiak.
Galderen erantzun okerrak modu barregarrian daude idatzita, «astakeriak» dira, jokalari gazteek argi identifika ditzaten zeintzuk diren okerrak. Horrela, erantzun zuzena aukeratzeko ere ez dago zalantzarik, eta benetako datua jolastuz ikasiko dute, ia esfortzurik gabe.
Galdera horietako baten adibide bat honako hau izan liteke: «Loiolako santutegia non dago, Azpeitian ala Australian?»