Ibarrako bizilagun bat «torturatzearekin mehatxatu» du Guardia Zibilak
GARA |
Errepidean zihoala Guardia Zibilak gelditu eta haien eskutik «irainak» zein «mehatxuak» jaso zituela-eta, Josu Balza Ibarrako bizilagunak publikoki eta herritarren babesarekin salatu du gertaturikoa. Amnistiaren aldeko mugimendua kexu da, «gorputz errepresiboak» Ibarran beren «benetako izana erakutsi» omen duelako beste behin ere.
Ohar batean gazteak kontatzen duenez, urriaren 30eko goizean Tolosara bidean zihoala Guardia Zibilaren patrol batek errepide ertzean geldiarazi eta agenteek agiriak eskatu zizkioten. Balzak «zerbait gertatzen ote zen» galdetzean iritsi ziren guardia zibilen «oihuak eta mehatxuak». «Putasemea», «anormala», «hiltzailea», «zerria» eta gisako irainak jasan behar izan zituen. «Bortizki torturatzearekin mehatxatu ninduten. Intxaurrondora eramanda, tiroz hilko nindutela esan zidaten, eta, ondoren, bandera espainolarekin lurperatuko nindutela», kontatu zuen Balzak. Ibarrako bizilagunari, gainera, bere etxean sartu eta atxilotuta eramango zutela esaten zioten agenteek, eta «beraien eskuetatik pasatzeko prest egoteko».
Egun argitan eta lekukoen aurrean herritar bat «larriki mehatxatu» izana salatu zuen Ibarrako amnistiaren aldeko mugimenduak. Gainera, Balzari gerta dakiokeenaz «kezkaturik» agertu ziren. «Azken boladako atxiloketek eta halako jazarpenek argi erakusten dute Guardia Zibilaren gerra gosea», zioten. Hala, Euskal Herrian prozesu demokratiko bat gorpuzten ari den bitartean, polizia indarrak «eskenatoki berria oztopatu nahian» dabiltzala salatu zuten.