GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Instituzioen zorroztasuna, ahulekin

Arabako Batzar Nagusietan EAJk, PSEk eta PPk bat egin zuten gainerako taldeek -ezker abertzalea, EA, EB eta Aralar- bultzatu zuten ekimena atzera botatzeko. Ekimen horrek herrialdeko gizarte laguntzak bermatzea zuen helburu, hartarako behar diren neurri fiskalak hartuz, errenta handien eta dirutza handia dutenen zergak handituz, alegia. Aldaketa horren kontra agertu ziren hiru alderdien jarrerak aberastasuna gaizki banatuta dagoen gizarte batean egoera ekonomikoa txarra denean -askorentzat larria-, banaketa hori are bidegabeagoa egiten du, eta alderdi horiek noren interesen alde egiten duten ezin ageriago utzi. Arabako Aldundiak gehien daukatenei gehiago eskatzeari uko egiten zion aldi berean, Lakuako Enplegu sailburuak enplegu edo prestakuntza eskaintza bati uko egiten dioten langabeak zigortzeko aukera iragarri zuen. Hartara, Lakuako Gobernuak gutxien dutenekin erakusten du gehien dutenekin erakusten ez duen zorroztasuna.

Atzo bertan ere jakinarazi zutenez, Ibex osatzen duten enpresek aurtengo urtarrilaren eta irailaren artean joan den urteko hilabete horietan baino %21 gehiago irabazi dute. Egoera txarra omen da denentzat, baina bakan batzuk ez dira «denak», antza. Bakan horiek langileen eskubideak murrizten dituzten lan erreformak eta neurriak eskatzen dituzte, eta erreforma horiek eskasak iruditzen zaizkie beti. Zenbait enpresa espainiarrek etekin onak lortu dituzte langabezia tasak gorantz jarraitzen duen bitartean; espero izan liteke orain enpresaburu horiek langileen baldintzak hobetzea. Baina ez, zaila dirudi halakorik gertatzea. Aitzitik, SEA Arabako Enpresariek, Arabako Aldundiak tratu bikaina eskaintzen dien horiek, atzo eskatu zieten sindikatu eta langileei lan hitzarmenetan KPIren igoera ez kontuan hartzeko.

Ez da harrigarria, enpresaburuen helburua kosturik txikienean ahalik etekin handiena lortzea dela kontuan izanda. Larria da, ordea, hartarako, gobernuak eta instituzioak oro har beren zerbitzuko izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo