GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Biellek eta Bonebeltxek ezustea eman dute Makean

Mindegia pilotalekuan jokatu den lehen joko berri torneoko finalean irabazi zieten Intxausperi eta Ozafraini, azken lehia irabazteko faborito nagusiei.

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biellek eta Bonebeltxek eman dute ezustekoa Makeako joko berri torneoan, Intxauspe eta Ozafrain faboritoak mendean hartuta, eta Mindegia Torneoko lehen edizioa beraiek eraman dute, 40-39 irabazita.

Norgehiagoka ikusi gabe, partida oso polita izan zela dirudi, baina ez zen horrela izan, bi zati oso ezberdin eta oreka gutxikoak izan baitzituen. Bielle eta Bonebeltxe lehen kintzetik aitzineratu ziren, eta zulo handia egin zuten. Aurrelariak lan bikaina egin zuen, eta atzean Bonebeltxe ere bikain ari zen. Inor konturatzerako, 35-15 erakusten zuen markagailuak eta dena fite joango zela zirudien.

Orduan Intxauspe eta Ozafrain arriskatzen hasi ziren, eta Bonebeltxi lan guztia ematen, eta neurketa irauli egin zuten, eta 24-4ko partziala lortu zuten, partida 39 kintzetan berdinduz. Zailena egin zuten, baina amaierara nahikoa akituta heldu ziren, eta azken kintzea Biellek eta Bonebeltxek egin zuten txapela lortuz.

Partidak 66 minutu iraun zituen, eta markagailua honela joan zen: 15-4, 24-7, 27-8, 32-13, 35-15, 38-23, 39-28, 39-39 eta 40-39. Saketik 11 kintze egin zituen Biellek, eta 6 Intxauspek. Lehen aldiz jokatu da torneo hau Makeako joko berri modalitateko pilotaleku berrian, eta jendea oso gustura geratu da. Oraingoz joko berrian berezkoak bakarrik ari dira, baina bere garaian, ezker paretakoak eta trinketeko eskuzko pilotariak batzeko asmotan eraiki zituzten, eta zaleen nahia hori da, trinketekoek emandako urratsa ezker paretakoek ere ematea, leku parekatu batean elkarren aurka ikusteko.

Baigorri

Berezkoen benetako jokalekua, ordea, trinketa da, eta han Baigorriko Torneo ospetsuko finala izan dute. Bertan, faboritoek, Waltarik eta Kurutxarik, alegia, irabazi dute, finalean Lanbert eta Etxetori 40 eta 33 irabazita.

Neurketa hau ere zatika joan zela esan behar da. Hastapenean sekulako oreka izan zen markagailuan. Lau pilotariak oso maila onean jokatuz, eta neurketa ez zela apurtuko zirudien. 19-19 zeudela, Waltari sakearekin asmatzen hasi zen, eta ohikoa den bezalaxe, sekulako triskantza egin zuen 11-0ko partziala sartu eta 30-19 markagailua beren alde jarriz. Honekin partidak ia erabakita ematen zuen.

Horrekin partida erabakita zegoela zirudien, baina Etxeto handi bat agertu zen, eta aurrean Lanbertek ematen zion laguntza bikainarekin, beren boladari ekin zioten, eta oraingoan hauek egin zuten tartea 5-13ko partziala sartu eta markagailuan 35-33an gerturatuz.

Azken txanpan berriro ere aurrelari kubatarra agertu zen, dena erabakitzeko asmoarekin, eta Lanberti eta Etxetori ez zieten inolako aukerarik eman, ezta beste kintze bat egiteko ere, eta txapela segurtatu egin zuten.

Norgehiagoka honek 65 minutu iraun zituen, eta markagailua, berriz, honela joan zen: 2-2, 3-3, 4-4, 7-7, 12-12, 17-17, 19-19, 30-10, 35-33 eta 40-33. Saketik Waltarik hamar kintze egin zituen, eta bost gutxiago, berriz, Lanbertek.

Onenek Parisen izango dute hurrengo zita

Parisko trinketean urtero izan ohi da torneo eder bat, eta aurten ere ez da faltako. Eliteko pilotaririk onenetakoak bertan izango dira, faltako den bakarra Waltari izango da, gainerakoak han izango dira. Ibarrola-Ozafrain, Larretxea-Etxeto, Bielle-Ezkurra eta Lanber-Kurutxari lehiatuko dira Frantziako hiriburuan.

Finalerdiak ostiralean jokatuko dira 19.00etatik aurrera, eta jokatu aitzin egingo da zozketa finalerdiak nola izango diren jakin ahal izateko. Bi partida hauetako garaileek, finala igandean jokatuko dute 15.30etik aitzinera. Zita hau ezinbestekoa bihurtu da Parisen bizi diren euskaldunentzat. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo