GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Joseba Alvarez Ezker abertzaleko kidea

Auzolanaz zurrunbiloa indartu

Gero eta egonezin handiagoa sumatzen dut euskararen erabileraren inguruan», esan berri du Anjel Lertxundi saridunak «Berria» egunkarian, aspaldi honetan argitaratzen dituen zutabe alboraezin horietako batean. Eta beste honakoa gehitu du, gainera: «Mende erdi pasatu da, ordea, eta inpresioa dut letren alorrean aurreratu duguna ez ote dugun mingaina dantzatzerakoan galdu. Nago -ez naiz aditua- gaurko ahozkotasunaren jarioa izan beharko genukeela kezka nagusi, ahozkotasunaren estrategiak antolatu beharko genituzkeela irakaskuntzaren alor guztietan». Diagnostikoarekin erabat ados nagoela nabarmendu nahi dut, nahiz eta irakaskuntzan ez ezik, gainerako erabilpen esparruetan ere lan bera jorratu beharko genukeela nabarmendu.

Izan ere, soziolinguistikako ikasketa buru izan nuen W. Mackey irakasle quebectar adituak aspaldian azpimarratzen zuenari eutsiz, Euskal Herrian, Anjel Lertxundik ondo gogorarazten duen bezalaxe, «orain mende erdi ikastolak, alfabetatze-sareak edo euskal prentsa bezalako ekimenak bultzatu genituen. Ekimen guztiak ere euskara letrazkoari begiratuta sortuak neurri batean. Erdaldunak euskalduntzeaz gainera, euskaldunak -ahozkoaren jario naturaldunak- alfabetatu behar ziren, letradun egin. Letren prestigioa behar genuen». Eta asmatu egin genuen, orduko euskaldungoaren diagnostikoa halakoxea zelako -nagusiki analfabetoa bere hizkuntzan- eta euskararen behar nagusia horrelakoxea zelako -bi estatuen hizkuntza politika asimilatzaileen ondorioz euskarak bizitza modernorako duen balio guztia zalantzan jartzen baitzuen prestigio faltak-. W. Mackey adituak ondo azpimarratzen zuen moduan, ezagutzen ez den hizkuntza ezin daiteke erabili, baina prestigiorik ez duen hizkuntza, jakin arren, ez da erabiltzen. Eta, nola ez, erabiltzen ez den hizkuntza hil egiten da.

Baina gauza gehiago ere idatzi zituen W. Mackey irakasleak. Batetik, elebitasuna, fenomeno pertsonala dela beti, eta inoiz ez soziala. Pertsonak dira elebidunak (edota eleanitzak) eta ez gizarteak. Ustezko gizarteko elebitasun soziala, diglosikoa da, desoreka funtzional motakoa ezinbestean, asimetrikoa prestigio eta erabilera alorretan, eta beti hizkuntza nagusiaren aldekoa. Gazteleraren eta frantsesaren aldekoa gure herrian, beraz... Eta, gutxi balitz, hizkuntza minorizatuen kasuan (euskararenean, adibidez) esaten zuen W. Mackey adituak, hizkuntzen erabilera, bi faktore hauen uztarketatik sortzen den batuketaren araberakoa dela: egoera sozial diglosikoetan (gurean), pertsona elebidunek (euskaldunek) hizkuntza prestigioduna erabiltzen dute gehienetan, hautaketa hori egiteko aukera osoa dutelako, bi hizkuntzak baitakizkite eta desoreka funtzionala nagusi delako. Pertsona elebakarrek berriz (erdaldunak), hizkuntza nagusia soilik ezagutzen dutenez, egoera diglosikoa etengabe areagotu baino ez dute egiten.

Dena dela, horrek ez du esan nahi euskaldunok geure hizkuntzarekiko leialtasun handia ez dugunik, Txillardegik argitaratutako euskal talde elebidunen hizkuntza portaeraren azterketa matematikoan frogatua duenez, egoerarik txarrenean ere, euskaldunok normala litzatekeena baino gehiagotan eusten baitiogu geure hizkuntzari. Hala ere, argi dago geure hizkuntzarekiko fideltasuna erabilera alorrean hobetu beharra daukagula, bai ahozkoan zein idatzizkoan, familian zein lagun arteko funtzio informaletan eta, nola ez, funtzio formaletan. Badago zer irabazi esparru horietan.

Eta horixe izan da Euskal Herrian gertatu zaiguna. Alde batetik, euskaldun analfabeto elebakarrak -ahozkoaren jario naturaldunenak, Anjel Lertxundiren definizioan- ia erabat galdu ditu euskal komunitateak Euskal Herri osoan. Dramatikoa litzateke, baldin eta joan den mende erdian, askotan politika ofizialen kontra edota gainetik, euskal herritarrek euskarari eusteko apustua eta esfortzua egin izan ez bagenu. Lehen baino gehiago gara, baina batez ere, lehen baino euskaldun alfabetatu tasa askoz ere handiagoa dugu. Eta, bestetik, instituzioek garatu duten politika eskasa eta kontraesankorra izanik ere, euskarak duela mende erdi bat baino askoz ere prestigio handiagoa du. Egun, inork ezin du esan euskarak teknologia berrienetan edota zientzia aplikatuenetan erabiltzeko balio ez duenik. Eta, hain zuzen, euskaldun alfabetatu mordoa sortu dugulako eta euskarak prestigioa irabazi duelako euts diezaiokegu orain erabileraren erronkari. Izan ere, gero eta gehiago gara euskararen hautua egin dezakegunok. Horretan datza erabileraren koska.

Zorionez, beraz, aurreko mende erdi honetan euskal hiztunak ugaltzeak baino balio kualitatibo askoz ere handiagoa izan du euskaldun alfabetatu edota letradunak sortzeak. Horrexegatik, oraingo erronka erabileran datza, horretarako muga handiak eta ezberdinak ditugun arren. Ez dezagun ahantz, nahi izanik ere, ez dela batere erraza gure herrian euskaraz bizitzea. Zenbait tokitan, ezinezkoa.

Handia da, beraz, hizkuntza nagusien kontrako korrontean Euskal Herrian euskaldunok emaniko urratsa. Beste gauza bat da, Siadecoren sorreran izan zen soziolinguista historiko Iñaki Larrañagak ondo esaten duen moduan, gauza bat da aurrera egin dugula aitortzea eta bestea nahikoa egin dugula pentsatzea. Gaur gaurkoz, euskararen etorkizuna ez dago bermatuta eta esku artean ditugun erronkak -Anjel Lertxundik aipatzen duen erabilerarena da horietako bat- ez dira nolanahikoak: ofizialasun falta edo maila eskasa, instituzioen hizkuntza politika eznahikoa edota aurkakoa, indar politiko zein sozial gehienen axolagabekeria, hizkuntza praktika txarra eta ideologia kamutsa, okerra ez denean, Joxe Manuel Odriozolak gogoratzen duen moduan. Horrekin batera ere, hor dago gizarte modernoak bultzaturiko euskaldun askoren zabarkeria zein militantziaren ahultzea, presio sozialaren amiltzea, profesionalizazio ustela, erabilpen esparru naturalen murriztea... Txepetx soziolinguistak aipatzen duen gutxieneko funtzionaltasun mailatik urrun gaude oraindik.

Tamalez, hizkuntzaren normalizazio alorrean, Irlandatik gertuago gaude Israeldik baino Euskal Herrian. Gasteizko Legebiltzarrean eta EAEn ere -Euskal Herriko zonalderik handienean, eta hizkuntza aldetik aurreratu eta indartsuenean- PSE-PP Gobernuak ez du egoera hobetzeko esperantzarik ematen. Azkenaldian maila guztietan harturiko erabakiak horren lekuko dira. Lehengo Ibarretxeren Gobernuaren hizkuntza politika eskasa eta epela bazen, oraingoena onartezina da.

Eta ingurune politiko eta soziolinguistiko honetan kokatzen da datorren abenduaren 3an Euskal Herri osoan ospatuko den 2010eko Euskararen Nazioarteko Eguna. Donostian, 50 eragile sozialek baino gehiagok eta Euskararen Udal Patronatuak bat egin dugu, auzolanean egun horretan arratsaldez euskararen aldarrikapena Bulebarrean egingo dugun «Zurrunbiloaren» bidez indartzeko. Jadanik bost milatik gora herritarrek, familiak eta koadrilak bat egin dute beren argazkia «nikereeuskaraz» izena duen web orrira bidaliz. Zuk ere gauza bera egin dezakezu. Eta Realak eta Athletic taldeek abenduaren 5ean ospatzen duten derbian ere gauza bera egin nahi dugu Donostian, zaleek euskararen aldarrikapena kaleratuz.

Izan ere, esan beharrik ez dago bi estatuetan ordezkari politikoen aurrean euskaldunok geure hizkuntzarekiko eginik dugun hautu irmoa indarrez erakusteko unea izan behar duela, baina baita euskarak gaur arte euskal indar politikoen artean izan ez duen eta behar duen posizio zentrala aldarrikatzeko momentua ere. Euskarak politikakeria gutxiago eta askoz ere Politika gehiago behar du. Euskararena, gure herriak duen arazo politiko nagusia da eta, ondorioz, erantzun politiko nagusia behar duena. Erabakitzeko eskubidea izan ala ez, gure etorkizuna ez dago bermatua, baldin eta euskararen inguruko benetako akordio soziopolitiko nazionala eta ondoriozko hizkuntza praktika koherentea lortzen ez badugu. Fase politiko berria zabalduko lukeen hitzarmenak, euskararen aldeko akordio nazionala behar du.

Eta lan hori Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugun guztion lana da, zein-nahi delarik gure kokapen politikoa edota profesionala. Guztiok bat egin behar dugu lan horretan, guztiok izan beharko genuke EHEko kide. Gure herrian hain ezaguna izan den auzolana berreskuratu behar dugu euskalgintza alorrean, denon arteko euskararen aldeko zurrunbiloa indartuz. Gure herriari erabakitzeko eskubidea aitortu behar bazaio, lurralde batasuna lortzeko ez ezik, nagusiki herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herria sortzeko ere izan behar duelako. Lopategi Beltza bertsolari bizkaitar handiak esan zuen moduan, «Anaia-arrebak ez etsi/ lehengo sustrairik ez utzi/ arima kendu nahi digutenei, hortzak erakutsi/ Herri libre bat iritsi/ nahi badugu bihar etzi/ arma benetan ziurrena den/ euskarari eutsi».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo